Irun Ekintzan-en ondorioz, 106 kontratu eta 25 enpresa berri
Irun Ekintzan Garapen Ekonomikoaren eta Enpleguaren aldeko Itunaren balantzea egin berri dute. Iazko jarduera ildo nagusiak eta datozen ekitaldietarako erronkak aztertu dituzte.
Irun Ekintzan Garapen Ekonomikoaren eta Enpleguaren aldeko Itunaren balantzea egin berri du Udaleko Ogasun saileko ordezkari Miguel Angel Paezek. Iazko jarduera ildo nagusiak eta datozen ekitaldietarako erronkak aztertu berri dituzte, eta horrez gain, Irun Aurrera planaren bigarren edizioaren gaineko balorazioa ere egin dute.
«Irun Ekintzan-en instituzioek, enpresek, prestakuntza zentroek eta entitate sozialek koordinatuta lan egiten dugu tokiko ekonomia sustatzeko alorrean. Pandemiak eragina izan zuen jarduera horretan guztian, jakina, baina, hain zuzen ere, urte hauetan guztietan sarean egiten ari garen lan horri esker, proaktiboak izan gara, eta ahalik eta azkarren erreakzionatu ahal izan dugu, premiarik larrienei erantzuteko», esan du lehenik Paezek.
Gaineratu duenez, Irun Ekintzan-eko baliabideak Irun Aurrera planeko udal aurrekontuarekin erabili ahal izan ziren iaz, «behar oinarrizkoenei erantzuteko». Easterako, 1.609 laguntza eman zitzaizkien enpresa txiki eta ertainei eta autonomoei. Era berean, nabarmendu du 192 laguntza berezi eman dizkietela ostalariei eta bi bonu edizio egin dituztela hirian kontsumitzera bultzatzeko.
Bestalde, ekonomia dinamizatzeko ekintzez ere aritu da Paez. Hauetan, 25 enpresak jaso zuten iaz K-Biziak laguntza, edo 10 enpresa proiektuk jaso zituzten Irun Ekintzan-en laguntzak enpresa gisa lehen urratsak emateko. Guztira 133.000 euro bideratu zituzten horretarako.
Kontratazio zuzena
Paezek erantsi du Irun Ekintzan-i esker 106 pertsona kontratatu zituztela 2020an, enpresei laguntzak emanez edo hilabete batzuetarako hirugarren sektoreko erakundeetan, Bidasoa Bizirik-en edo udaleko departamentuetan sartuz.
Guztira, Irun Ekintzan-ek 3,7 milioi euro inguru kudeatu ditu programa eta ekintzetan, eta horietatik, 2,5 milioi udalaren funtsak izan dira.