Miren Etxebeste: "Udalaren irizpidea argia da, bi hizkuntzak onartu behar dira"
EAEko Auzitegi Nagusiaren erabakiaren ondorik, udalaren zerbitzu juridikoen erantzunaren zain daudela azaldu du Euskara zinegotziak.
Atzo, EAEko Auzitegi Nagusiak Irungo udaltzain izateko lan eskaintza publikoan (LEP) hizkuntza eskakizunak bertan behera uztea erabaki ondotik, Miren Etxebeste Euskara zinegotzia, “harrituta” dagoela adierazi dio HITZAri, eta ez zutela horrelako erabakirik espero, are gehiago, euskara perfila “gero eta gehiago eta geroz eta toki gehiagotan” eskatzen dela kontuan hartuta. “Mundu guztiak daki enplegu publikora sartzerakoan baldintzetako bat euskaraz hitz egitea dela, gaztelania bezala, bi hizkuntzak direlako ofizialak”, gaineratu du.
Orain, zerbitzu juridikoen erantzunaren zain daudela azaldu du. “Juridikoki baloratu behar da zein den irismena, norainoko eragina izan dezakeen, nola aurkez dezakegun errekurtsoa, merezi duen ala ez… ze agian ez da beharrezkoa”.
Edozein modutan, udalaren irizpidea “argia” dela esan du: “Bi hizkuntzak onartu behar dira”. Euskal Herrian euskaraz hitz egiteko eskubidea duela edonork duela adierazi du, “eta hori bermatzeko modu bakarra zerbitzu publiko guztietan denek euskaraz jakitea” dela.
Epaiak aurrekariren bat sor dezakeen galdetuta euskara zinegotziak dio ikusteke dagoela: “Ez da edozein auzitegi, gorena baizik, eta horrek erabakitzen duena Euskadi osorako izan daiteke”.