Beñat Muguruza: "Gaindituta dagoen gatazka dela iruditzen zaigu, baina epai honek erakutsi digu ezetz"
Aitzondo Euskara Taldeako kidearen iritziz, orain udalari dagokio helegite bat aurkeztea, baina aferak "dimentsio handiagoa" hartu duela esan du.
Aitzondo Euskara Taldean EAEko Auzitegi Nagusiaren erabakia “harriduraz eta atsekabez” hartu dutela azaldu du Beñat Muguruza kideak. “2021ean auzitegi gorenak horrelako erabaki bat hartzea edo auzitegiak berak horrelako horrelako salaketa bat kontuan hartzea, ez du ez hanka ez buru”. Muguruzaren iritziz, “gaindituta dagoen gatazka dela iruditzen zaigu baina epai honek erakutsi digu ezetz”.
Euskara Talde gisa, interpelatzea dagokiela gaineratu du. Ildo horretatik, Euskara zinegotziarekin hitz egin dutela azaldu du, eta euren artean ere zer egin dezaketen pentsatzen ari direla. Muguruzaren arabera, orain, Irungo Udalari dagokio helegite bat aurkeztea, “argudiatuz erabateko babes legala daukala eta ez dela inola ere diskriminatzaiela. Azken finean, funtzionario izatea ez da herritarron eskubide bat”.
Atzotik, sare sozialetan mugimendu handia egon dela ikusi du Muguruzak, baina iruditzen zaio ez dela geratu “Irungo afera” bezala, baizik eta “dimentsio handiagoa” hartu duela: “Mugimendu bat egon da maila nazionalean, Behatokia, Kontseilua…”. Zentzu horretan, erantzunak ere udalaren eskutik baino “goragoko mailatik ere” egon beharko litzatekela uste du, “honek aurrera egingo baluk, atzerapauso handia izango litzatekeelako”.