Irungo udaltzain izateko hizkuntza eskakizunak bertan behera utzi ditu EAEko Auzitegi Nagusiak
«Diskriminatzailea» dela ebatzita hartu du erabakia epaitegiak. Behatokiak eta Kontseiluak ebazpena gaitzetsi eta epaia «politikoa» dela salatu dute.
Irungo udaltzain izateko lan eskaintza publikoan (LEP) hizkuntza eskakizunak bertan behera uztea erabaki du Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Auzitegi Nagusiak, BERRIA egunkariak jaso duenez. Euskaraz ez dakitenentzat «diskriminatzailea» dela argudiatu du epaileak ebazpenean. Hamabi agente kontratatzeko prozesua da martxan dagoena.
Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eta Euskalgintzaren Kontseiluak epaia gaitzetsi dute. Areago, erabaki «politikoa» dela irizteaz gain, Irungo herritarrek zerbitzua euskaraz jasotzeko eskubidea dutela gogorarazi dute: «Herritarren hizkuntza eskubideak bermatuko badira, horretarako langile gaituak behar dira, eta langile elebidunak dira herritar guztiei zerbitzua eman diezaieketenak». Azkenik, «erasoari» nola erantzun baloratzen ari direla zehaztu dute.