Herriko sortzaileekin batera hainbat jarduera antolatu ditu liburutegiak
'Liburutegia sormen iturri' programaren baitan, herriko sortzaileei txoko berezi bat eskaintzeaz gain, hainbat jarduera antolatu dituzte datozen asteotan.
Hondarribiko Zuloaga Etxea Udal Liburutegiak sormena sustatze aldera abiatutako Liburutegia sormen iturri izenpeko programa aurkeztu du aste honetan Juan Luis Silanes Kultura zinegotziak. Azaldutakoaren arabera, «denok dakigu liburutegietan dagoen fondo mota adina erabiltzaile dagoela. Erabiltzaileek zer topatzen duten liburutegietan ez da gehienetan erraza azaltzen edota ikusten, baina Hondarribiko liburutegian saiatuko gara. Eta helburu horrekin, maiatzean hasi eta ekainean jarraipena izango duen, Liburutegia sormen iturri programa aurkezten dugu».
Hori horrela, liburutegiko erabiltzaile diren hainbat sortzaileekin harremanetan jarri da liburutegia, haien sorkuntza lanen bat Zuloaga Etxean uzteko eskatuz. Era berean, sorkuntza prozesuetan eragina izan duten argitalpen edo ikus-entzunezkoak funtsen artean bilatzeko ere galdegin zaie sortzaileei. Dena elkarrekin jartzea eta txoko berezi bat osatzea izan dela helburua adierazi du Silanesek. Txokoa ulergarria izan dadin, QR kode bat ere ezarri dutela gaineratu du zinegotziak, «sortzaile bakoitzaren azalpena bideo laburretan bilduz». Parte hartu dutenen artean, besteak beste, daude: Judas Arrieta, Telmo Basterretxea, Rosa Gomez, Ainara Oskoz, Sandra Cuesta, Urtzi Ibarguen, Maite Caballero, eta Menina zein Santamaria tailerrak.
Azkenik, hainbat jarduera ere antolatu dituzte liburutegiko arduradunek. Ondokoa da egitaraua:
-
Hilak 19, 19:00etan. Sortzaileen ikus-entzunezkoen emanaldia. Telmo Basterretxearen La persona que más admiro (Showing Film Adwards, 2016), Maite Caballeroren Cuéntame más sobre tu trabajo (2019), Sandra Cuestaren Vecinos, bandurrias & güateques (2009) eta Ane Muñozen Basurdea (2002).
-
Hilak 21, 18:30ean. Gazteei zuzendutako Rap tailerra eskainiko du Andoni Olaetxeak (Pelax taldea).
-
Hilak 28an, 18:00etan. Hondarribiko Alde Zaharrean dauden artelan obrak ezagutzeko bisita gidatua.