Irungo Babes Zibilak prest du Larrialdi Plan berria
16 arrisku egoera ezarri dituzte, «gerta daitezkeenak eta herritar guztientzat mehatxu izan daitezkeenak». Gainera, kasu bakoitzean Babes Zibileko boluntarioek nola jokatu beharko duten ere zehaztu dute.
Irungo Babes Zibilak Larriadi Plan berria du. Honetan hirian aurreikusi daitezkeen larrialdi egoera ohikoenak zerrendatu dituzte; orotara, 16 arrisku egoera ezarri dituzte, «gerta daitezkeenak eta herritar guztientzat mehatxu izan daitezkeenak». Horrez gain, kasu bakoitzean Babes Zibileko boluntarioek nola jokatu beharko duten ere zehaztu dute.
«Arauz 20.000 biztanletik gorako udalerriek Larrialdi Plan bat izan behar dugu, eta hilabete honetan aurekezten duguna gure plan eguenratua da, logikoa denez, urte hauetan zehar eboluzionatzen joan diren eta gaur egun funtsezkoak diren gai guztiak sartu dira», azaldu du Cristina Laborda ordezkariak. Gainera, planaren helburuetako bat «gizarte osoan prebentzio kultura hori sustatzen aurrea egitea» dela erantsi du ordezkariak «norberaren babesa indartuz».
Honako 16 arrisku egoera zehaztu dituzte: itsasoaren eta kostaldearen inpaktua itsasertzeko kutsadura, haize gogorrak, izozteak/elurteak, uholdeak bero boladak, hiriko suteak, baso suteak, garraio publikoko istripuak, salgai arriskutsuen garraioko istripuak, banakako jarduera arriskutsuak, lur lerradura gertaera handiak larrialdi sismikoa, desagertutako pertsonak edo osasun publikoko larrialdia.
Aipatutako egoera horietako bakoitzerako kalteberatasun mapa bat egin dute (alerta bat emanez gero kontuan hartu beharreko puntu sentikorrenekin, esaterako), eta honetan zein prebentzio ekintza egin eta larrialdia gertatuz gero nola jardun behar den ere azaldu dute.
Larrialdi Plan hau martxan jarri aurretik, Udalbatzaren osoko bilkuran onetsi beharko dute. Maiatzeko osoko bilkuran eztabaidatu eta bozkatuko dute. Ondoren, beste urrats bat eman beharko dute plana indarrean jartzeko: Euskadiko Babes Zibileko Batzordeak plana homologatzea.