'Maitasunaren itxiera' irudikatuko dute Miren Gaztañagak eta Eneko Sagardoyk, larunbatean
Bikote baten hausturaz dihardu Arriaga Antzokiak ekoitzitako lanak. Itsas Etxea Auditoriumean finkatu dute hitzordua, 19:00etan.
Miren Gaztañaga irundarrak eta Eneko Sagardoy durangarrak Maitasunaren itxiera izenpeko antzezlana taularatuko dute larunbatean Itsas Etxea Auditoriumean, 19:00etan. Sarrerak 8 euroan daude salgai Arma Plaza informazio gunean eta Interneten; 4 euroan 18 urtez azpikoentzat.
Bikote baten hausturak gidatzen du Maitasunaren itxiera antzezlana. Sinopsiaren arabera, “bikote baten elkarrizketa latza ikusiko dugu. Protagonisten bakarrizketa trukeak hiltzen ari den maitasunaren bortizkeria adierazten du. Beldurra eta askapena nahastuko dira bikotearen elkarrizketa lazgarrian, gizon baten eta emakume baten arteko borroka suntsitzaile eta gupidagabean”.
Pascal Rambert egile eta eszena-zuzendari frantziarraren Clôture de l’amour lanean oinarrituta, euskarazko bertsioa ekoitzi du Arriaga Antzokiak. Gaztelerazko La clausura del amor bertsioak ere arrakasta handia lortu zuen.