[Galeria] Aiako Harriraino iritsi da presoen eskubideen aldarria

Ehun bat irundar elkartu dira, Sarek deituta, presoen euskal herriratzea eskatzeko. Aiako Harriko bi tontor bereganatu dituzte.

650 tontor irun Muganixen oihal bat zabaldu dute, aldarriarekin.

Ehun bat irundarrek bat egin dute Sarek antolatutako 650 tontor kanpainarekin. Bi aukera izan dituzte: ibilbide luzea eta motza. Luzearen alde egin dutenak —erdiak, gutxi gora behera— San Juan Arria plazatik atera dira 08:30ean. Bi ordu geroago elkartu dira gainontzekoekin, Elurretxeko aparkalekuan.

Han hiru taldetan banatu dira. Batzuk Muganixera joan dira, beste batzuk Irumugarrietara, eta hirugarren taldea, Txurrumurrura. Aiako Harria bereganatu dute, euskal presoak etxeratzearen alde.

Muganixen, eskalatzaileek oihal handi bat zabaldu dute aldarriarekin. Beste bi tontorretan musika izan da nagusi: Txurrumurrun dultzaineroa eta atabalaria aritu dira, eta Irumugarrietan txalapartariak.

Aiako Harriko hirugarren puntan, Errolbiden, 40 bat oiartzuar izan dira. Tontorren arteko erlaitzetan giza kate moduko bat egin dute. Irungo Sarek nabarmendu nahi izan du 150 pertsona presoen eskubideen alde Aiako Harrian elkartu izana.

Martxa guztia drone batekin grabatu eta editatzean zabalduko dute bideoa.

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.