Udagiro programan eta errefortzuzko euskara eskoletan izena emateko epea zabaldu dute
Beste urte batez aisialdi jarduera dibertigarriak eskainiko dizkiete uda honetan ikasleei, haien artean «euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin».
Miren Etxebeste Euskara saileko ordezkariak eta Josebe Araña Euskara saileko teknikariak aurtengo Udagiro programaren eta Errefortzuzko Euskara Eskolen gaineko informazio eta xehetasunak eman dituzte. Gogoratu dutenez, udalak antolatutako egitasmoak dira, eta hiriko ikastetxe edo instituturen batean eskolaratuta dauden haur eta gazteei zuzendutakoak.
Udagiro beste herrialde edo autonomia erkidego batzuetatik duela gutxi iritsitako gazteei zuzendutako udal proiektua da. Bertan, aisialdi jarduera dibertigarriak eskaintzen dizkiete, «ikasleen artean euskararen erabilera sustatzeko eta bultzada emateko helburuarekin».
Egitasmoan LHko 5. eta 6. mailako eta DBHko maila guztietako ikasleek parte hartzen dute. «Jarduera hauen bidez, hizkuntza edukien transmisioa indartu nahi da. Jardueraren helburua da beste herrialde edo autonomia erkidegoetatik Irunera iritsi berri diren haurrei laguntza eskaintzea euskaraz hitz egiteko orduan, eta udaldian euskararekin harremana ez galtzea eta, horrela, ikasleak motibatzea euskarekiko», esan du Etxebestek.
Udagiro programa uztailaren 2an hasiko dute. Lehen saioa 23ra bitarte izango da eta bigarrena aldiz, abuztuaren 4tik 25era. Saio guztiak 10:00etatik 12:00etara izango dira, 15 laguneko taldetan. Guztira, sei talde osatuko dituzte, hiru uztailean eta gainerakoak abuztuan. Horiek osatzeko kontuan izango dute apuntatutakoen adina eta euskara maila.
Errefortzu eskolak
Errefortzuzko euskara eskolak iaz abiatu zituzten, «kontuan izanik Irungo familia askok oso harreman txikia edo batere harremanik ez dutela euskararekin». Udalaren arabera, pandemiak are beharrezkoagoak egin ditu eskola hauek, gazteek ezin izan baitute euskara erabili ikastetxetik kanpoko jardueretan. Horregatik, aurten errepikatzea erabaki dute. DBHko ikasleei bideratutako eskolak izango dira.
Errefortzu eskolak uztailaren 5etik 16ra, uztailaren 19tik 30era, abuztuaren 2tik 13ra eta abuztuaren 16tik 27ra bitarte egingo dituzte, 15:00etatik 17:00etara, 15 laguneko taldetan. Guztira 10 talde osatuko dituzte, eta txanda bakoitzeko taldeak eskariaren arabera antolatuko dituzte.
Izen ematea, zabalik
Bi programetan izena emateko epea zabaldu dute jada, eta hilaren 26an itxiko dute. Lotura honetan egin beharko dira. Saio guztiak doakoak izango dira.