Kontseilu Sozialista heldu da Bidasora, «gaitasun sozialistak handitzeko helburuarekin»
Kontseiluko kideen asmoa antolakuntza komunista lurralde guztietara hedatzea da, «egun ditugun gaitasunetatik abiatuta, sozialismoaren eraikuntza ardatz izango duten lan lerroei ekiteko, belaunaldi eta lan esparru ezberdinen arteko elkarlanaren bitartez».
Azken urteetan Euskal Herri osoan zabaldu den antolakuntza komunista Bidasora ere iritsi da. Bidasoko Kontseilu Sozialista sortzeko urratsak eman berri dituzte eskualdeko zenbait lagunek, «gaitasun sozialistak handitzeko helburuarekin». Atzo bertan aurkeztu zuten publikoki taldea, sare sozialetan.
«Sozialismoaren eraikuntza helburu, Kontseilua lan lerro ezberdinak abiatzeko baliatuko ditugu eta, azken finean, arlo ezberdinetako elkarlan horren emaitza izan(go) da Kontseilua», azaldu dute eskualdeko taldeko kideek.
Kaleratutako ohar batean diotenez, «mehatxu sanitarioak ziurgabetasun handiko garaiak» eragin ditu. Etorkizuna zalantzaz beteta ikusten dute, birusaz gain, egoera ekonomiko eta laboralagatik ere. Izan ere, COVID-19aren pandemiak, osasun krisia eragiteaz gain, «aurretik zetorren krisi kapitalistaren ondorioak larriagotu» dituela esan dute, «lan eta bizi baldintzen proletarizazioa areagotuz».
«Sistema kapitalistan klase jabedunak modu despotikoan agintzen du gizarteko arlo guztietan. Azken hilabeteotan gizarteko masa zabalen bizi maila okertzen ekidin ez, eta bere botere erregimena betikotzeko neurriak hartzen aritu da burgesia. Gizarte egitura burgesean langileok ez dugu gaitasun errealik gure intereseko neurriak hartu ahal izateko; botere politikorik gabeko egoeran aurkitzen gara, alegia», erantsi dute.
Zentzu horretan diote alarma egoerak «arazo estruktural hori indartu» besterik ez duela egin. Bitarte horretan, proletalgoari biltze, manifestazio eta mugikortasun eskubideak ukatu zaizkiola salatu dute, finean, «oposizio politikorako aukera debekatu» dutela, «kontrol sozial zein polizial itogarria ezarriz».
Bestalde, gaineratu dute burgesiak eta estatu burgesek ez dutela borondaterik, ez gaitasunik, langileriaren ziurgabetasun egoera hori gainditzeko. Horregatik, nahitaezkotzat jo dute langile klasea instituzio burgesekiko independentziaz antolatzea, «gure behar eta interesekin bat egingo duen irtenbide integral eta bakarra eraikitzeko gai izan gaitezen; sozialismoa, klaserik eta inolako zapalkuntzarik gabeko gizartea».
Amaitzeko, Bidasoko Kontseilu Sozialistako kideek erantsi dute urratsak eman nahi dituztela antolakuntza komunista lurralde guztietara hedatzeko, «egun ditugun gaitasunetatik abiatuta, sozialismoaren eraikuntza ardatz izango duten lan lerroei ekiteko, belaunaldi eta lan esparru ezberdinen arteko elkarlanaren bitartez».