[Erreportajea] Pilota hotsek zortzi urtez elikatutako harrobia
Bi lagunek ekin zioten Hondarribiko Pilota Eskola sortzeko proiektuari, eta egun berrogeitik gora dira bertan entrenatzen duten puntistak. Hondarribian harrobia dagoela ziur dago entrenatzailea.
Jostaldi pilotalekuan sartu bezain pronto entzun daiteke pilotak airea bizkor zeharkatzerakoan sortzen duen soinu berezia, gero horma, isilunea zestan sartzean, eta aparteko zarata hori berriro. Astelehenero eta asteazkenero Jostaldiko isiltasuna hausten duen soinu azkarra da. 2018an Ibon Aldazabal nazioarteko puntistak Guinness errekorra hautsi zuen horrela, jaurtitako pilotakada orduko 305,77 kilometrora iritsi zenean.
Pilota non dagoen begien bistatik ez galtzea oinarrizkotzat jo du Yoni Anboage Hondarribiko Pilota Eskolako bultzatzaileetako batek, puntisten entrenatzaile dena aldi berean. «Frontoian dugun lehen araua da; bigarrena, kaskoa beti jantzita eramatea da», erantsi du. Etzi ekingo diote Gipuzkoako Herri Arteko Txapelketari hondarribiarrek, baina horretan parte hartu ahal izateko kadete, gazte eta senior kategorietan ordezkariak izatea ezinbestekoa dela azaldu du. Horrez gain, uneotan, banakako txapelketan eta Euskal Ligan ere ari dira.
Orain dela zortzi urte sortu zuen Anboagek lagun batekin Hondarribiko Pilota Eskola. Lehen zesta 38 urterekin lotu zuela onartu du. «Zesta-punta lehenago ezagutu izan banu…» dio, penaz. Egun guztia frontoian ematen zuen palan jokatzen, nahiz eta denborarekin, «entseatzen» ikasi zuen. «Entseatzen esaten diogu zesta-punta arte bat delako», zehaztu du.
Ereindako haziaren lehen fruituak
Hondarribiko Pilota Eskola sortu eta zortzi urte geroago 43 puntista entrenatzen ditu Anboagek. Iazko udan profesionalen kategorian debutatu zuela eskolako puntista batek esan du, harro, «eta maila eman zuen». Onartu du beste eskolekin alderatuta oso gazteak direla oraindik, baina asebete agertu da orain arteko lorpenekin. «Lehenengo lau urtean ez genuen partida bat bera ere irabazi eta ez genuen animoa galdu. Orain garaipenak eskuratzen ditugula ez gara harrokerian erortzen», aitortu du.
«Zoragarria» iritzi dio Anboagek gaur egungo egoerari, nahiz eta nesken parte hartzea faltan sumatzen duen haien arteko liga edo kategoria sortu ahal izateko. Momentuz, hala ere, Hondarribian harrobia dagoela eta hori elikatzen jarraituko dutela ziur agertu da. Izan ere, ume eta gazteenek maila handia dutela berretsi du, nahiz eta hori ez den pilota eskolaren azken helburua: «Etor daitezela entretenitzera, dibertitzera eta zoriontsu izatera».