Estitxu Ortolaizen 'Itsas sareak', irailera arte Donostiako Kofradia-Itsas Etxean
Gaurtik irailaren 12ra arte izango da zabalik argazkilari hondarribiarraren 'Itsas sareak' erakusketa Donostiako zentroan.
Gaurtik irailaren 12ra arte, Estitxu Ortolaiz argazkilari hondarribiarraren irudiekin osatutako Itsas sareak erakusketa izango da zabalik Donostiako Kodradia-Itsas Etxean. Arrantza sektorea lehen lerroan jartzeko erakusketa da, antolatzaileek jakinarazi dutenez: saregileen eta arrantzaren lana agerian utzi du Ortolaizek bere sorkuntzekin.
“Proiektua Kofradia-Itsas Etxearekin bat dator, horregatik, garrantzitsutzat jo da erakusketari zabalkundea ematea eta Baxurako Errebalorizazio Zentroan lekua izatea”, esan dute antolatzaileek. Donostiako portuan dagoen zentro horrek baxurako arrantza sustatu eta balioan jarri nahi du, “eta ildo horri jarraitzen dioten lan edo proiektuei zabalkundea ematea eta haiekin lankidetzan aritzea da bere lana”.