Azken hamar urteetan ia erdira jaitsi da istripuen kopurua hiri bideetan
2011n 'Irun 30' egitasmoa abiatu zutenetik joera «oso positiboa» izan dela dio udalak, bereziki erdialdea eta inguruak lotzen dituen errepideetan.
Trafikoko Zuzendaritzak hala aginduta, asteartean (hilak 11) indarrean sartuko da hiritik autoz zirkulatzeko neurri berria. Honen arabera, gehienezko 30 km orduko abiadura har dezakete garraioek erdigunean. Bada, Irungo Udalak orain dela hamar urte hartu zuen neurri hori, eta gaur, Borja Olazabal ordezkariak azken hamarkadak utzitako datuen gaineko balorazioa egin du.
«Irun aurrendaria izan zen ekimen horren aldeko apustu ausarta egiten. Lehendabizi hiriko erdialdean egin zuen, eta, gero, pixkanaka, ia gure hiri bide guztietara zabaldu zen neurria. Emaitzek erakusten dute neurria baliagarria dela: trafikoa mantsotuta, segurtasunean irabazten dugu, beste ibilgailu batzuekin (bizikleta, adibidez) batera ibiltzea errazten dugu, eta beste neurri batzuekin batera (autobus elektrikoa) ingurumena gehiago babesten laguntzen dugu, eta berotegi efektuko gasak gutxiago isurtzen ere bai», esan du Olazabalek.
Datuei erreparatuta, Irundik zirkulatzen duten ibilgailu gehienek (%85ak zehazki) ia 30 km orduko abiaduran zirkulatzen dute (32 km orduko bataz bestekoa) gehienez. 2013-2015 urteetan aztertutako tokietan %85 horren bataz besteko abiadura 43 km ordukoa zen, eta 2020an aldiz, 32koa.
Joera «oso positiboa» dela dio ordezkariak, bereziki erdialdea eta inguruak lotzen dituen errepideetan: Elizatxo hiribidea, Iparralde hiribidea, Euskal Herria hiribidea, Hondarribia kalea eta Meaka inguruan hain zuzen ere.
Horrez gain, ondorioztatu dute hiriko erdiguneko errepideetan joera «egonkor» mantentzen dela erantsi du Olazabalek, eta beste batzuetan aldiz, zertxobait gehitu dela. «Datu horiek lagundu egiten digute nola gauden eta, noski, nola hobetu dezakegun jakiteko. Nolanahi ere, emaitza positiboak dira oro har, eta bide horretan jarraitzera animatzen gaituzte. Argi dagoela dirudi, azken urteotakoa ikusita, abiadura handiak desagertu egin direla hirigunetik, eta horrek ondorio argia du errepideetako zenbait alderditan, hala nola istripuetan», erantsi du.
2011n, ‘Irun 30’ egitasmoa abiatu aurretik, 400 trafiko istripu inguru izan ziren, eta orain datuek diote hiri bideetan ia erdiraino murriztu dela istripuen kopurua. 2019an esterako, 221 istripu izan ziren.