Aurten ere arte eta sorkuntza udalekuak eskainiko ditu Legaleon-T antzerki eskolak
Uztailean 8-15 urte bitarteko haur eta nerabeek antzerkiaren munduan trebatzeko aukera izango dute. Arte espresio ugari landuko dituzte.
Aurten ere antzerkiaren munduan murgiltzeko aukera eskainiko die haurrei Irungo Legaleon T antzerki eskolak. Iaz bezala, uztail honetan 8-15 urte bitarteko haurrei arte eta sorkuntza udalekuak eskainiko dizkiete. Jokoa eta esperimentazioa oinarri direlarik, arte espresio ugari landuko dituzte. Antzerkia, plastika, musika, bideoa… Askotariko esparruak ukituko dituzte.
Udalekuei uztailaren 5ean emango diete hasiera, eta uztailaren 30era bitarte luzatuko dituzte. Lan egunetan izango dira, egunero, 9:30etik 13:30era. Aste baterako matrikula 80 eurokoa da; bi astekoa aldiz, 120koa.
Matrikulatzeko 619 564 125 telefono zenbakira deitu beharko dute gurasoek, ekainaren 25a baino lehen.
Maider Galarza eta Idoia Hernandez gidari
Begirale gisa Maider Galarza eta Idoia Hernandez ariko dira aurten ere. Galarzak Nafarroako Antzerki Eskolan eta Estudis de Teatre Berty Tobías eskoletan egin zituen ikasketak eta Oihulari Klown, Panta Rhei eta En la Lona antzerki konpainietan antzezle eta txotxongilari lanak ere egin ditu. Gaur egun, ipuin kontalari, antzerki begirale eta antzezle lanetan aritzen da.
Hernandezek bestalde, Oiartzungo Ibargain Musika Eskolan hasi zuen ibilbidea. Donostiako Nazioarteko Piano Lehiaketan hainbat aipamen jaso zituen ordutik. Gaur egun, konposizio ikasketekin jarraitzen du. 2Bat izeneko musika eta poesia talde esperimentalaren sortzaileetako bat da. 2017an aldiz, bere bakarkako lana Lehena ekoitzi zuen HATXE ezizenez eta 2020an Panpin hautsien dantza diskoa kaleratzen zuen Mukuru zigilupean. Bestalde, Metrokoadroka konpainiarekin kolaborazioak egin ohi ditu eta bestelako dantza, antzerki eta zine proiektuetan musika konposizio lanak egin dute. Gainera, Musikari elkarteko zuzendaritzaren parte da.