Hondarribian, orduko 30 kilometrora
Arau orokor gisa hiri osoan ibilgailuek ezingo dute orduko 30 kilometroko abiadura gainditu. Zonalde batzuetan mantsoago joan beharko dute.
![](https://bidasoa.hitza.eus/site/files/2021/05/hondarribia-30-aurkezpena.jpg)
Iazko irailetik Hondarribiko hiri eremuko errepideetan ibilgailuek orduko 30 kilometroko abiadura muga zuten ezarria. Bada hilaren 11tik aurrera, ia hiri osora zabalduko da abiadura murrizketa hori, Espainiako Trafiko Zuzendaritzaren 970/2020 dekretuak behartuta.
Juan Luis Silanes Mugikortasun zinegotziak gaiaren gaineko xehetasunak eman ditu gaur. Jakinarazi du udalerri osoan, arau orokor gisa, errepideetako abiadura muga orduko 30 kilometrokoa izango dela. Baina badaude salbuespenak: jende asko biltzen den lekuetan 20ra jaitsiko da langa, Zuloaga kalean edo Harresilanda kalean (Zumardiaren parean) esaterako.
Labreder kalean, Baserritar etorbidean eta Sabin Arana kalean ere ezarriko da 30eko muga. “Eskola ingurukoak dira errepidea, eta neurriak haurren segurtasuna indartuko du, Udaltzaingoaren presentziarekin batera, ikasleen sarrera eta irteera orduetan trafikoa kontrolatzen baitu”, adierazi du Silanesek. Hondartza osoa ere ’30 eremua’ izango da, Ramon Iribarren pasealekua barne.
Hiriarteko beste errepide batzuk egungo abiadura mugak mantenduko dituzte, hala nola aireportuko errepideak, eta mendebaldeko saihesbideak Santa Engraziako eta Labrederreko biribilguneen artean.
Silanesek nabarmendu du aldaketa horiek herritarren bizitzan eragin positiboa izango dutela, “hiri atseginago eta iraunkorrago baten aldeko apustua eginez. Helburua ez da bakarrik ezbehar tasa murriztea, baizik eta oinezkoei eta garraiobide iraunkorrei lehentasuna ematen dien hiri bat izatea ere”. Silanesek oroitarazi du 2019tik duela martxan udalak Hiri Mugikortasun Iraunkorraren Plana.