12 milioi euro gehiago ditu Hondarribiko udal aurrekontuak
Aurretik onartua zegoen 25 milioiei erantsi dizkiete atzo kreditu bidez adostutako hazkundea. Kantitate berriaren gehiena hirigintza lanetara bideratuko da.
Hondarribiko Udalak 2021ko aurrekonturako 12 milioi euro gehiago izango ditu. Kreditu aldaketa bat baliatuz, onartua zegoen 25 milioiko aurrekontuari erantsiko diote diru kopuru hori. Kreditu aldaketa atzo arratsaldean egindako udalbatzarrean onartu egin zuten, EAJren, Abotsanitzen eta PSE-EEren aldeko bozekin, eta EH Bilduren abstentzioarekin.
Hasiera batean, gobernu taldearen (EAJk osatua) intentzioa zen 11 eurokoa izatea kreditu aldaketa, beraz, aurrekontuaren hazkundea. Baina Abotsanitzekin (820.000 euro) eta PSE-EErekin (187.000 euro) adostutako kopuruak erantsi zizkioten hasierako proposamenari.
12 milioi horien banaketa, honakoa da:
- Gastu sozialetarako 2,12 milioi gehiago. Horren barruan daude, besteak beste: kirol taldeei emango zaizkien laguntzak (695.000 euro); gaueko eta eguneko harrera zerbitzuetarako partida (200.000 euro); liburutegian egokitzapenak egiteko partida (193.000 euro); Satarka eta Bordari zentroetan inbertsioak (130.000 euro).
- Udalerria atalerako, 8,5 milioi gehiago. Horren barruan daude, besteak beste: 6,7 milioi hainbat kale berritzeko plan estrategikora bideratuko dira; kaleko zazpi komun jartzeko 538.000 euro.
- Ekonomiaren sustapenerako, 594.000 euro gehiago. Horren barruan daude, besteak beste: 190.000 euro turismo eta merkataritza jardueretarako; 150.000 euro enpresei bideratutako diru laguntzentzat; 111.000 euro Hondarribia Abian enplegu planarentzat.
- Udala ardatzerako, 748.000 euro gehiago, gehienbat Udaltzaingoan kontserbazio, mantenu eta inbertsioak egiteko.
Mozioak
Atzoko udalbatzarreko (ia lau ordukoa izan zen, telematikoa) gairik mamitsuena kredituarena bazen ere, hainbat mozio landu eta bozkatu zituzten hamazazpi zinegotziek. Honakoak:
- COVID-19 diru laguntza programa berria, ostalaritzara, hoteletara eta nekazal turismoko establezimenduetara bideratua. Abotsanitzek EAJrekin negoziatutakoa izan zen. Zinegotzi guztien onespena jaso zuen.
- Autokarabanentzat udal araudia osatzea, udalak ibilgailu horientzat eremu bat izan dezan. Abotsanitzek aurkeztu zuen. Aho batez atera zen aurrera.
- BAZek eskaintzen duen zerbitzua aztertzea, hobetzeko asmoz. PSE-EEk aurkeztutako mozioa izan zen, EAJrekin transakzionatua. Zinegotzi denek baiezkoa eman zuten.
- TAOko agenteen plazak osatzeko prozesua ahalik eta azkarren abian jar dadin jasota zuen mozioa, PSE-EEk eta EAJk adostutakoa. Zinegotzi guztiak ados.