Letxunborro hiribidean arkitektura oztopoak kentzeko kanpaina bat abiatu dute
Ibis hotelaren eta Cafe Irun-en arteko zatian espaloietako koskak kenduko dituzte, eta zebrabide gehiago egitea da udalaren asmoa. Horrez gain, argiztapen sistema ere aldatuko dute.

Udalak kanpaina bat abiatu berri du Letxunborro hiribidean, Ibis hotelaren biribilgunearen eta Cafe Irunen biribilgunearen artean hain zuzen ere. Errepide zati horretan espaloietako koskak kenduko dituzte eta zebrabide gehiago egitea da euren asmoa, «oinezkoentzako irisgarriagoa izan dadin». Horrez gain, LED teknologiara egokituko dute inguruko argiztapen sistema.
Cristina Laborda ordezkariak azaldu duenez, «pixkanaka egokitzen ari gara espaloi beheratzeak eta oinezkoen pasabideak, irisgarritasun planean oinarrituta. Aldian behin egiten ditugun kanpainak dira; izatez, Letxunborro hiribidean ekin diogu honi, baina hurrengoa dagoeneko pentsatua dugu, aurrekontu parte hartzaileen barruan. Formatu txikikoak dira, baina balio handia dute, oinez ibiltzea errazten eta arazoak saihesten baitituzte, batez ere mugitzeko gaitasuna murriztuagoa eduki dezaketenengan pentsatuta».
Ordezkariak gaineratu duen bezala, hiriko oinezkoen pasabide gehienetan espaloia beheratuta dago, baina halere haietako gehienak indarrean dagoen araudiaren aurretik egin zirenez, ertzak oraindik ere altu samar dituzte, eta horrek oinezkoen ibilian «zailtasunak» eragiten ditu. Gainer, Letxunborro hiribidean zenbait lokal komertzial ireki dituzte azkenaldian, eta bertatik ibiltzen diren oinezkoen kopuruak gora egin duela diote udaletik.
Orotara, sei zebrabide berri eraikiko dituzte, espaloia beheratuta, «lotura seguru eta irisgarriak sortzeko» asmoz. Obra hauekin, «oinezkoentzako ibilbide jarraitu bat» sortu nahi du udalak, Pozuetakogaina eta Aranibarko bizitoki eremuaren artean.
Eraginkortasun energetikoa
Obra hauei lotuta, udalak erabaki berri du hiriko eraginkortasun energetikoa hobetzeko zenbait proiektu idazteko agintzea. Hala, hiri osoko berrogei bat argi koadrok aldaketa jasango dituzte; LED argiztapen sistema instalatuko dute bertan, «argiteria publikoaren energia eraginkortasuna hobetu eta kontsumoa, argi kutsadura eta CO2 emisioak murrizteko» helburuarekin.
Proiektua lizitazio fasean dagoela azaldu du Labordak, eta 79.860 euroko aurrekontua dutela.