Irun «iraunkor, atsegin eta berdearen» aldeko apustua egingo du EAJk
Eraginkortasun Energetikoaren Batzordean izango direla aurreratu dute jeltzaleek, «eraldaketa ekologiko egokia bultzatzeko» helburuarekin. Proposamen «eraikitzaile, positibo eta aurreratuak» aurkeztuko dituztela diote.
Datorren astelehenean (hilak 10), Irungo Udalean Eraginkortasun Energetikoaren Batzordea martxan jarriko da. Bilera horretan izango direla aurreratu dute EAJko kideek, «eraldaketa ekologiko egokia bultzatzeko» helburuarekin. Proposamen «eraikitzaile, positibo eta aurreratuak» aurkeztuko dituztela azaldu dute Xabier Iridioy eta Lourdes Larrazak, gaur batzokian eskainitako agerraldian.
EAJko kideen arabera, «Irun eraginkorra eta abangoardiakoa diseinatzeko» pausoak eman behar ditu udal gobernuak, «Irunek ahalik eta eredu eraginkor, ausart eta aurrerakoiena» izan dezan. Zentzu horretan taldeak hainbat alor barne hartuko dituen neurri zehatzak sustatzeko konpromisoa hartu du, «orain arte egin dugun bezala». Hainbat adibide eman dituzte: erregaia kargatzeko eta erregaiz hornitzeko gune alternatiboak instalatzea, garraio publikoa sustatzea, erabilera partekatuko ibilgailuak sustatzea, garraio pribatua ahal heinean murrizteko aukerak bultzatzea, merkantziak banatzeko logistika hobetzea, bizikleten erabilera bultzatzea, edota oinezkoentzat bideratutako eremu berriak ahalbidetzea.
Bestalde, jeltzaleek orain arte taldeak egindako zenbat proposamen zerrendatu dituzte. Honakoak dira:
-
Gain Gainean eta Larretxipi kaleen arteko lotura hobetzea, «ikuspegi ekonomikotik eta sozialetik Alde Zaharra suspertzeko eta dinamizatzeko, hiriko gunerik esanguratsuenetako bati bultzada bat ematea ahalbidetzeko».
-
Kolon pasealekuan bi noranzko izango dituen bidegorri «zabala, segurua eta bideragarria» egitea, «bizikletak, patinak, patineteak eta VMPek erabili dezaten».
-
Kolon pasealekuko bidegorriaren proposamenari jarraipena emateko Nafarroa etorbidean bidegorri berria egitea. «Gure hiria lotzen eta Irun hiri garbiago, seguruago, atseginago eta ingurumenarekiko begirunetsuago baterantz bideratuz».
-
Irun dibertsitate funtzionala duten pertsonentzat egokitzeko azterlana egitea, «pertsona guztiak ingurune atsegin eta ekitatiboan bizi ahal izateko azterlana egitea».
Amaitzeko, jeltzaleek ezinbestekotzat jo dute prozesu honetan udal gobernuak talde guztiei «informazio zabala bermatzea», eta egiten ari diren eta egingo dituzten azterlan guztiak erraztea. Gainera, Mugikortasun Iraunkorraren Plana egiterakoan herritarren parte hartze orokorra, modu batean ala bestean, bermatzea interesgarria eta baikorra litzatekeela erantsi dute. «EAJtik pertsonak erdigune izango diren mugikortasun seguru, iraunkor eta orekatuaren alde egiten dugu».