«Zirraraz eta emozioz betetako» Laburbira izango da aurtengoa
Gaur (hilak 6) Laburbira euskarazko film laburren zirkuitua jasoko du Amaia KZk. Zortzi ikus-entzunezko proiektatuko dituzte orotara.
Laburbira euskarazko film laburren zirkuituak beste urte batez Irun hartuko du, Amaia Kultur Zentroa hain zuzen ere. Gaur (hilak 6) egingo dute XVIII. edizioa, Irungo Udalaren eta topagunearen egitasmoz. Antolatzaileek azaldu dutenez, aforoa bete arte doako sarrera eskainiko diete irundarrei. 19:00etan hasiko dute emanaldia.
Udaleko iturrien arabera, zirkuituak bi helburu nagusi ditu. Alde batetik, euskarazko sortzaileen lana ezagutaraztea da asmoa, «euskaraz ekoizten jarraitu dezaten aukera zabalduz». Bestetik, ikusleei hemen eta euskaraz sortutako lan hauek eskaini nahi dizkiete.
Aurtengoa 70 minutuko emanaldia izango da, «zirraraz emozioz betetakoa» antolatzaileen arabera. Proiekzioen ostean ikusleen aukera izango dute Ximun Funchs eta Manex Funchs zuzendariekin hitz egiteko. Honako laburmetrailak proiektatuko dituzte:
- Aterpean ateri (Ruben Crespok zuzenduta).
- Nigandik (Imanol G. Gurrutxagak zuzenduta).
- Game Over (Ilune Diaz zuzenduta).
- Ilunabarrean esan (Xabier Vallinak zuzenduta).
- Babarrun txapelketa (Andoni Mtz de Madina eta Julen de la Sernak zuzenduta).
- Datsegit (Aitor Arrrutik berak gidatua. Aktore gisa ere ariko da).
- Nire eguneroko maitea (Ximun Funchs, Manex Funchs eta Eñaut Castagnetek zuzenduta).
- Agur (Iñigo Achak zuzenduta).