Irun Aurrera bonuen hirugarren edizioa, martxan
Ostegunetik (hilak 6) aurrera 20.000 bonu berri kaleratuko dituzte, hiriko 206 denda, taberna eta jatetxetan erabiltzeko.
Pandemiak gogor astindu dituen hiriko saltoki txikiei eta taberna zein jatetxeei laguntzeko udalak abiatutako Irun Aurrera bonuek hirugarren edizio bat izango dute. Gaur bertan eman dituzte hirugarren txandaren gaineko xehetasunak Junkal Eizagirre Hiri Bultzada saileko ordezkariak, BidaShop merkatari elkarteko eta Denok Bat ostalari elkarteko ordezkariek.
«Programaren hirugarren edizioa da hau, eta indartsuena ere bada, aurrekontua handitu baita; horrela, establezimendu gehiagok baliatu ahalko dituzte bonuak. Udalak sektoreari laguntzeko abian jarri duen
ekintza ildoetako bat da hau, krisialdian oso kaltetua gertatu baita. Orain arte, oso harrera ona izan du, eta, gure ustez, gure dendetan kontsumi dadin bultzatzen lagundu dezake; alegia, hiriko familia askori lagundu diezaieke, familia asko bizi baitira sektore honetatik», esan du Eizagirrek.
Guztira, 20.000 deskontu txartel kaleratuko dituzte hirugarren txanda honetan, ostegunetik (hilak 6) aurrera. 206 establezimenduk eman dute izena, horietatik 49k lehenengoz.
Bonuak Irunen erroldatuta dauden 16 urtetik gorako herritarrek erabili ahal izango dituzte, ondorengo baldintzetan:
- Irundar bakoitzak 10 bonu erabiltzeko eskubidea izango du, horietako bi gehienez establezimendu bakoitzeko.
- Erabilitako bonu bakoitzeko saltokian 30 euroko erosketak egin beharko dira gutxienez; ostalaritza establezimenduetan aldiz, bonu bakoitzeko erosketa minimoa 20 eurokoa izango da.
- Ezin da pertsona baten baino gehiagoren bonurik erabili, hau da, erosketa txartel bakoitzak pertsona bakar baten bonuei lotuta egon beharko du.
- Egitasmotik kanpo geratzen dira alkoholdun produktuak soilik dituzten erosketak.
- Bonuak trukatzeko, nahikoa da erosketak egiterakoan NANaren zenbakia ematea.