Lehen aldiz bilduko da Eraginkortasun Energetikoaren Batzordea, astelehenean
Etorkizuneko hiriaren diseinuaz ariko dira bertan, hiriko elkarte eta kolektiboekin batera. Udalaren arabera batzordea «XXI. mendeko Irun eraginkorra diseinatzeko topagunea» izango da.
Datorren astelehenean (hilak 10) bilduko da lehenengoz Eraginkortasun Energetikoaren Batzordea Irungo Udalean. 2020 urte amaieran eman zuen Hirigintza sailak Hiri Mugikortasun Eraginkorreko Plan berria idazteko lanak egiteko agindua, eta ia 10 urteren ondoren, plan berri horrek indarrean dagoen plana ordezkatuko du.
Asteleheneko saioaren helburua plan hori aberasten joatea dela azaldu du udal gobernuak. Haien arabera, «herritarren partaidetzako organo berri hori XXI. mendeko Irun eraginkorra diseinatzeko topagunea» izango da.
«Eraginkortasun Energetikoaren mahai hau etorkizuneko hiriaren diseinua ulertzeko dugun moduaren adierazgarri da. Herritarren eskutik joan nahi dugu, guztiok nahi dugun Irun horren plangintzan parte har dezaten eztabaidaren eta ideien erkaketaren bidez, gure ustez gehienok bat egiten dugun helburu batekin: espazio abegitsuak sortzea, genero ikuspegiari eta emisiorik gabeko mugikortasun osasungarriago eta seguruago bati protagonismoa emanda… alderdi horiek, gainera, Nazio Batuek onartutako garapen jasangarriko helburuetako batzuk dira», esan du Miguel Angel Paez ordezkariak.
Paezek ezinbestekotzat jo du oinezkoen lekua berreskuratzen jarraitzea hirian, «espaloi eroso eta atseginekin». Horretarako, bidegorri sarea indartzeko eta txirrindularien beste beharrei erantzuteko beharra nabarmendu du. Zentzu horretan trafikoa murrizteko beharraz ere aritu da, finean, garraio publiko eraginkor bat sustatzearen alde azaldu da.
Asteleheneko hitzordua erdi presentziala izango da, pandemiaren ondorioz. Alkatea izango da batzordeburua, eta kide izango dira Hiri Garapeneko, Garapen Eraginkorreko eta Mugikortasuneko ordezkariak, eta udal talde guztietako ordezkariak. Horrez gain, bestelako elkarte eta kolektibok ere hartuko dute parte saioan.