12 milioi euroko kreditu modifikazioa proposatuko du gobernu taldeak
PSE-EE eta Abotsanitz udal taldeekin hainbat diru sail adostu ondoren, ostegunean deitutako osoko-bilkuran bozkatuko du aldaketa udalbatzak.
2021. urteko lehen kreditu modifikazioaren berri eman du gaur goizean Txomin Sagarzazu alkateak prentsa aurrean egindako agerraldian. Azaldu duenez, Abotsanitz eta PSE-EEren udal taldeekin hainbat proposamen adostu ondoren, 12 milioi euroko aurrekontu aldaketa bozkatuko du udalbatzak osteguneko osoko-bilkuran.
Zabaldutako informazioaren arabera, Gipuzkoako Foru Aldundiak likidazioa egin ondoren, 5 milioi euro jaso ditu bueltan udalak, eta horri altxortegiko 7 milioi euro -58 milioi euro daude egun- gehituko dizkio erakundeak. Hasiera batean 11 milioi euroko modifikazioa proposatu behar zuten arren, sozialisten -187.000 euro- eta Abotsanitzen -820.000 euro- hainbat proposamen barneratu ondoren aurrekontuari beste milioi bat eranstea erabaki zuten. EH Bilduk ez duela diru sailik aurkeztu adierazi du alkateak.
Aurrekontuaren hasierako 25 milioi euroei 12 milioi euro gehitzeagatik asebete agertu da udal arduraduna. Udal aurrekonturako erabilitako irizpide berberak aplikatu dituztela oraingoan ere adierazi du, “egoera bereziak erantzun bereziak” eskatzen baititu. Era berean, udal alderdien jarrera txalotu du Sagarzazuk: “Ahalegina egin dugu alderdien artean lankidetza sustatzeko eta eskerrak eman nahi dizkiet”.
Hori horrela, etorkizun hurbilean jarri du begirada alkateak modifikazioan aurkeztuko diren proposamenak gauzatzea “erronka” izango baita aurrerantzean. Zentzu horretan, zerbitzua indartzeko hainbat pausu eman dituztela erantsi du.
Proposamena
Kreditu modifikazioa, aurrekontua bezala, lau ardatz estrategikoetan banatuta dagoela zehaztu du Sagarzazuk proposamenen gaineko zenbait zertzelada eman aurretik:
- Pertsonak eta familiak: 2,1 milioi euro. Diru sailak: Gaueko eta eguneko harrera zerbitzua (200.000 euro), Zuloaga Etxea Udal Liburutegia (193.000 euro), hezkuntza (130.000 euro), kirol elkarteak (700.000 euro), musika eskola (95.000 euro), Saindua gaztelekua (620.000 euro)…
- Ekonomiaren sustapena: 594.000 euro. Diru sailak: Turismo, merkataritza eta marketin plana (190.000 euro), Hondarribia Abian enplegu plana (111.000 euro), Ticket Bai merkatari eta ostalarien informatika programa (50.000 euro), enpresei diru-laguntzak (150.000 euro)…
- Udalerria: 8,5 milioi euro. Diru Sailak: Hainbat kale berriritartzeko plan nagusia (6,7 milioi euro), zazpi komun publiko (538.000 euro), ingurumena (174.000 euro)…
- Udala: 748.000 euro. Diru sailak: Artxibategiko zerbitzu prestazioa (56.000 euro)…