Kolon tren geltokiko bizikletentzako aparkalekua, berriro zabalik
50 bizikletentzako edukiera izango du aparkalekuak. Erabilera arau batzuk ezarriko dituzte, «aparkalekua kontrolik gabeko bizikleta biltegi bihur ez dadin eta zerbitzua gehiegi ez kargatzeko» asmoz.
Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailak, Euskotren eta Euskal Trenbide Sarearekin batera, Irungo Kolon tren geltokiko bizikletentzako aparkalekua irekiko du berriro bihar (hilak 4). 50 bizikletentzako edukiera izango du, eta erabilera arau batzuk ezarriko dituzte, «aparkalekua kontrolik gabeko bizikleta biltegi bihur ez dadin eta zerbitzua gehiegi ez kargatzeko» asmoz, gaur Iñaki Artola sailburuak eta Jose Antonio Santano alkateak azaldu dutenez.
Aparkalekua nasari atxikita dago, bizikleta eta trenaren arteko trukea errazteko. Leku segurua dela esan dute gaurko bisitan, «argiztatua dagoelako, bizikletak giltzatzeko barrak dituelako eta itxita dagoelako». Atea kontakturik gabeko txartel baten bitartez irekiko dute erabiltzaileek, Mugi txartelarekin esaterako. Dena den, pertsonalizaturik egon beharko dutela zehaztu du sailburuak, eta aurretik Bezeroen Arretarako Amarako (Donostia) Bulegoan erregistratu beharko direla.
Izena emateko unean erabiltzaileei bizikletak aparkatzeko tokia erabiltzeko arauak onartzen dituela adierazten duen agiria emango zaie, sina dezaten, eta baita ere datu pertsonalen babesari dagokion informazioa eman beharko dute. Erregistratu ostean, txartela identifikazio zenbaki bati lotuko zaio, eta zenbaki hori ondo ikusiko den bizikletaren puntu batean jarri beharko da. Plaka hori galdu edo hondatuz gero, beste bat eskatu beharko dute erabiltzaileek, izan ere, aparkalekuan utzita dagoen eta identifikatu ezin den bizikleta oro bertatik kenduko dute.
Aparkalekurako sarbidea Euskotren erabiltzaileentzat izango da, eta beraz, erregistratutako txartel pertsonalizatuarekin balioztatutako tren bidaia bat egin aurretik edo ondoren bakarrik erabili ahalko da soilik. Aparkatzeko gehienezko denbora lau egunekoa izango da, eta epe hori igarotakoan trenbideko euskal operadoreak lapurretaren aurkako sistema baliogabetu eta bizikleta kendu ahal izango du, besteentzako erabilgarri uzteko. Bi hilabeteko epean bertatik kendutako bizikleta gizarte erakunde bati edo irabazi asmorik gabeko erakunde bati emango diote.
Zerbitzua erabiltzeko ordutegia tren zerbitzu komertzialaren ordutegi berbera izango da. Bertan aparkatzeko baimenaren epealdia urtebetekoa izango da, txartela erregistratzen den egunetik hasita. Hortaz, urtero berritu beharko da.