Jostun kaleak atsedenerako gune berria izango du
Jostun eta Iñude kaleen arteko bidegurutzean dagoen zonaldean eraikiko dute egoteko gunea. Aurrekontu parte hartzaileetan auzotarren eskaeretako bat izan dela dio udalak.
Jostun kaleak egoteko edo atsedenaldirako gune berri bat izango du aurki. Gaur bertan jakinarazi du udalak bertan eremu hori sortzeko proiektua onetsi duela, zehazki, Jostun eta Iñude kaleeen arteko bidegurutzean dagoen zonaldean, Oinaurre auzoaren hegoaldean hain zuzen ere. Orube txiki horretan bi banku, zaborrontzi bat eta bi farola daude egun eta ez du ia erabilerarik.
Lehenik eta behin banku batzuk eta hiru mailako jardinera bat instalatuko dituzte bertan. Horrela «eremu eszeniko» bat sortu nahi dute. Horrez gain markesina edo estalki bat eraikitzea ere aurreikusi dute proiektuan, eta honen azpian beste hiru banku. Proiektua osatzeko, mahai bat, hormigoizko aulkiak, zaborrontzi berriak eta iturri bat ere jarriko dituzte.
Eremua behar bezala argiztatuta dagoela bermatzeko, plazaren hegoaldean dauden bi argi puntuen ordez bi argi dorre jarriko dituzte.
Auzotarrekin batera landutako aurrekontu parte hartzaileetatik ateratako egitasmoa da. Cristina Laborda Obra saileko ordezkariaren arabera, «jarduketa honetan egoteko eremu bat sortuko da kalean, urbanizazioaren ondoren erabilera espezifikorik ez duen puntu batean. Horrela, auzotarrek erabiltzeko aprobetxa daiteke».
Proiekturako 89.874,87 euroko aurrekontua du udalak.