Azken Portuko hirigintza antolamenduko hitzarmena, aurrera
Udal Gobernu Taldearen aldeko botoekin onartu dute akordioa. EH Bildu eta EAJk atzera botatzeko eskatu dute, lan gatazkari eta natur irizpideei erantzunez.
Eztabaidatsua izan da gaur goizeko plenoa, eta gai batek zentratutakoa: Azken Portuko hirigintza antolamendua, eta haren albo ondorioak. Izan ere, hitza hartu dute, batetik, Brioche Pasquierreko enpresa batzordeak, eta, bestetik, Ekologistak Martxan talde ekologistak.
Hasteko, Azken Portuko hirigintza antolamendua aurrera atera da Udal Gobernu Taldearen botoekin. EAJ eta EH Bilduk kontra bozkatu dute, eta PP abstenitu egin da.
Udal taldeek hitzarmenaren inguruko jarrerak azaldu aurretik, Juan Manuel Ignacio Perez eta Alfonso Fernandez Brioche Pasquierreko enpresa batzordeko ordezkariek eskaera egin diote udalbatzari enpresa batzorde eta langileen arteko akordioa lortu bitartean Azken Portuko lurren birkalifikazioa atzerako. Aurreratu dutenez, negoziazioak ez dira bide onetik atera. Langile batzuk Landetxako lantegira eramango dituzte lan baldintzak eta gaitasun ekonomikoa okertuz, beste batzuk kaleratu egingo dituzte adinarengatik (57 urtetik gorakoa) edota enpresaren baldintzak ez onartzeagatik. Zentzu horretan, dagoeneko, lau langile kaleratuak izan direla jakinarazi dute “errendimendu baxua” argudiatuta.
Ildo horretatik, Miguel Angel Paez PSE-EEko bozeramaileak lan arloa hirigintza arlotik kanpo geratzen dela iritzi dio, baina, edozein modutan, langileen egoerarekiko “sentikorrak” direla zehaztu du. Haatik, “langile gehienak akordioetara” iritsi direla gogoratzeaz gain, udalak “interes orokorra” defendatu behar duela adierazi du, eta hitzarmari esker, egun erabilera industriala duen 17.700 metro koadroko espazioa berreskuratuko dela. Horietatik 11.500 metro koadro, espazio libreak izango dira, eta 6.000 inguru metro koadro etxebizitza erabilerarako. Azken horien %40 babes ofizialeko etxebizitzetara bideratu beharko da.
Bide horretatik, udala egiten ari den beste ekintza batzuk ere gogorarazi ditu, eta, egun, Bertiz auto kontzesionarioa dagoen eremuan udalak lurren %35 erosiko dituela azaldu du (udalbatzarreko 9. puntuan landu dute), eta horietatik lortuko diren 10.000 metro koadroak erabilera librekoak izango direla. Horrez gain, Artiako kanala naturalizatuko dutela gaineratu du. Izan ere, Espainiako Ingurumen Ministerioak proiektua onartu du, eta Espainiako aurrekontuetan bilduko da. Hortik, 14.000 metro koadro berreskuratuko dituzte. “Guztiak batuta, hiri espazioaren antolamenduan nolako inpaktua izango duen ikus dezakegu”, ondorioztatu du Paezek.
David Nuño Elkarrekin Podemos-IUko bozeramaileak ildo beretik hitz egin du. “Talka egiten duten interesak daudenean, akordioak bilatzen saiatu behar gara, baina irtenbiderik ezean, interes orokorreko erabakiak hartu behar dira”. Gaur, industria jarduera handik atera eta finkatzea ekiditeko aukera dutela esan du, eta horretarako, “lehen pausoa” emango dutela. Besteak beste, hiritarrentzako eremu berdeak eta ekipamenduak lortuko dituztela azaldu du, baita Bidasoa ibaiaren naturalizatzea ere.
EH Bilduk eta EAJk, berriz, hitzarmenaren puntua bertan behera uztea eskatu diote udalari, baina udalbatzak atzera bota du proposamena. Jokin Melida EH Bilduko bozeramailearen arabera, oso gai garrantzitsua da, eta ez dira hori onartzeko baldintzak betetzen; batetik, Landetxako lantegirako lekualdatzean lanpostuak eta lan baldintzak galduko direlako, eta, bestetik, natura ondarea berreskuratzeko aukera galduko litzatekeelako: “Ez da etxebizitzak eraikitzeko toki egokia”.
Xabier Iridoy EAJren bozeramailearen iritziz, “ibaiertza errekuperatzea Azken Portuko eremuan bost pisutako 200 etxebizitza eraikitzea baldin bada, gure ideietatik urrun dago”. Etxebizitzen eraikuntzarekin “etorkizuna hipotekatu” egingo dela adierazi du Iridoyk. Azken Porturako ez dela proposamen egokiena eta ez duela herritarren ongizatea ekarriko gaineratu du. Bestalde, ohartarazi du ez direla klima aldaketari egokitutako irizpideak kontuan hartu aurretiazko kontsultetan.
Iñigo Manrique PPko ordezkariak, berriz, abstentzioaren alde egin du, eta etorkizuneko hiri ereduaren inguruan eztabaida sakona egin behar dela iritzi dio.
Azkenik, Jose Antonio Santano alkateak gogorarazi du prozesua hasi besterik ez dela egin eta bermeak izango dituela. Hala, bidean, eztabaidarako tartea izango da esan du, baita ingurumen irizpideak berraztertzeko edo kontrastatzeko ere.
Ekologistak Martxanen proposamena
Ekologistak Martxan taldeak, Artiako Lagunak eta Bidasoaldeko Lagunak elkarteekin batera, mozio bat aurkeztu du Brioche Pasquierrek utziko duen eremua Eusko Jaurlaritzak erostea proposatzeko. Udalbatzak atzera bota du udal gobernu taldearen botoekin. EH Bilduk alde bozkatu du eta EAJ eta PP abstenitu egin dira.
Peio Mindegiak aurkeztu du mozioa. Ekologistak Martxaneko kidearen arabera, Eusko Jaurlaritzak badu historia Bidasoa ibaiaren inguruan lursailak erosten, eta horrenbestez, “logikoa eta legezkoa” dela uste du proposamena aurkeztea. Herritarrek espazio berdeak erabiltzeko eskubidea dutela aldarrikatu du, eta, mozioa atzera bota arren, espazio berdeak berreskuratzen etengabe ekingo dutela iragarri du: “Baliabide guztiak erabiliko ditugu, baita Eusko Legebiltzerrera jo ere”.
Santanok Mindegiak aurkeztutako Irun 70eko hamarkadakoa dela erantzun dio Ekologistak Martxaneko kideari, eta orduz geroztik, garapen handia egin duela espazio berdeen berreskuratzean. Ez dio Mindegiari erantzuteko aukerik eman.
Tasen salbuespena
Gaurko udalbatzan ahobatez onartu dituzte Urdanibiako azokako postuen erabilera publikoko tasa %95ean salbuestea eta kirol instalazioak erabiltzen dituztenei %75.