Hildako langileen gorpuek bete dute San Juan plaza
Lan Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Egunean egin du ekintza Irungo ezker abertzaleak. Iaz, 76 langile hil ziren Euskal Herrian.
Atzo, apirilak 28, Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Nazioarten Eguna izan zen. Irungo ezker abertzaleak elkarretaratzea egin zuen San Juan plazan, eta, iaz hil ziren 76 langileak gogoan, haien gorpuak irudikatuz bete zuten San Juan plaza. “Zenbakien bidez ikusi ezin daitekeen sentsazio bisuala” harrapatu nahi izan dutela adierazi du Irungo ezker abertzaleak.
75+1 izan direla zehaztu dute, iaz, Zaldibarren desagertu zen Joaquin Beltran oraindik ez dutelako aurkitu. Aurten, dagoeneko, 18 langile hil direla ere gogorarazi du, duela astebete ekimena prestatzerakoan baino bi gehiago: “Astebetean beste bi erail ditu merkatuaren sistemak”.
Irungo ezker abertzaleak “terrorismo patronala” salatu du. Zentzu horretan, lan eremuan sistematiko bihurtu den prekarizazioa izurritearekin are gehiago nabarmendu dela esan du, “merkatuaren sisteman oinarrituta dagoen kapitalak, ekonomia lehenesten duelako langileen bizien aurretik”.
Datu “beldurgarriak” direla salatu du, eta “barrabaskeria hau” noiz arte luzatuko den ez dakien arren, patronalari “borrokaren bidez” erantzungo diola argi du. Ildo horretatik, administrazioek duten erantzukizuna bistaratzeko asmoa du: “Haien eskuetan dago isuria eteteko gakoa”.