Irungo ezker abertzalea laneko segurtasunaren egunean mobilizatuko da
2020an, 76 langile hil ziren Euskal Herrian, eta, aurten, dagoeneko, hamasei dira hildakoak. "Terrorismo patronalaz" hitz egin du ezker abertzaleak.
Apirilaren 28 Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Nazioarteko Eguna da, eta, horren haritik, Irungo ezker abertzaleak mobilizatzera deitu ditu langile guztiak. Hala, 18:30ean, elkarretaratzea egingo dute San Juan plazan.
Ezker abertzaleak lan eremuan zabaldu den prekarizazioa salatu du, eta izurritearekin are gehiago nabarmendu dela, “merkatuaren sisteman oinarrritua dagoen kapitalak ekonomioa lehenesten du langileon bizien aurretik”. 2020an 75 langile hil ziren Euskal Herrian, eta 76 Zaldibarren desagertutako Joaquin Beltran aintzat hartuta. Aurten, berriz, dagoeneko hamasei behargin hil direla gaitzetsi du. Lan istripuez baizik, “terrorismo patronalaz” hitz egin behar dela iritzi dio Irungo ezker abertzaleak.
Maiatzaren Lehena
Larunbateko Langileen Nazioarteko Egunaren harira, Oarso Bidasoko LABek Errenteria-Oreretan egingo den manifestaziora joateko deialdia zabaldu du. 09:30ean elkartuko dira Gal futbol zelaiko aparkalekuan, eta eskualdean barrena auto karabana egingo dute. 12:00etan hasiko da manifestazioa, Errenteria-Oreretan.