BATeko mutilak bigarren tokian geratu dira ligako lehen jardunaldian
BATeko mutilek gertuago daukate Ohorezko Mailara igotzeko helburua; neskek, ordea, laugarren geratu ondoren, urrunago dute Lehen Mailari eustea.
Ligako lehen jardunaldia jokatu zuten BAT Bidasoa Atletiko Taldeko neska mutilek. Mutilen helburua Ohorezko Mailara igotzea da, eta bide horretan, lehen pausoa eman zuten igandean, Monzonen (Espainia), bigarren tokian geratuta. BATen arabera, irabazi edo, gutxienez, bigarren geratzeko xedearekin irten ziren pistara.
Monzon eta Teneriferekin ibili zen lehian, eta Tenerife izan zen nagusi ia denbora guztian. Monzonek errelebo motzean irabazi ondoren, bigarren tokia galtzekotan egon ziren mutilak, baina 4×400 metroko proba irabazi ondoren, bigarren amaitu zuten.
Maila ona eman zuten mutilek eta Unai Gonzalez pertigan, Gonzalo Tamayo pisuan, Ivan Redondo jabalinan eta Asier Zarandona diskoan eta 4×400 metrotan garaile izan ziren.
Neskak, laugarren
Larunbatean jokatu zuten ligako lehen jardunaldia BATeko neskek, Donostian. Espainiako Lehen Mailari eustera irten ziren irundarrak, eta jardunaldia laugarren bukatu ondoren, helburua urrunago daukate. Gakoa hirugarren tokian bukatzea zen Ria Ferrolen kontra. Jardunaldia hala hasi bazuten ere, Ferrol distantzia murrizten joan zen, eta erreleboetan erabaki zen dena. 4X100 proban bigarren geratu zen BAT, Ferrolekiko 2 puntuko abantailarekin, baina azkenean, aurrea hartu zion Galiziako taldeak 4×400 proba irabazi ondoren.
Teresa Errandonea eta Miriam Gregori ibili zinen finen. Errandoneak 100 metro hesietan irabaztea lortu zuen 13,51ko denborarekin, eta Gregorik, berriz, 800 metrotan 2.11,19ko denborarekin. Horrez gain, Blanca Garciak jabalina jaurtiketan klubaren marka hautsi zuen 42,31 metrotara iritsita.