PPk begi onez ikusten du Eusko Jaurlaritzak Recondoko lursailak erosteko aukera
Bidasoa ibaiaren ondoan balio ekologiko handiko eremuan dagoela gogorarazi du, eta erosketarekin herritarren erabilpenerako bideratzea proposatu du, "etxeak eraikitzea saihestuz".
Irungo PPk Recondoren lantegia zegoen tokian udalak etxeak eraikitzeko duen asmoa gaitzetsi du, eta Eusko Jaurlaritzak eremu hori erostea proposatu du “herritarrek erabili eta gozatu dezaten, horrela, etxeak eraikitzea saihestuz”. Hain zuzen, ostiraleko udalbatzarrean lur eremua birkalifikazioa tratatuko dute.
Egun, eremu hori Brioche Pasquir Frantziako multinazionalarena da, baina eremu hori erostea “kontuan hartzeko aukera” iritzi dio Iñigo Manrique PPko udaleko bozeramaileak. “Lur eremu industriala da egun, baina Bidasoa ibaiaren alboan balio ekologiko handiko eremu batean dago”.
PPk “eskema zaharkitu batean ainguratuta jarraitzea” gaitzetsi du, eta ezin dela jarraitu etxebizitzen eraikuntza “planik onena” izango balitz bezala, “eredu hori agortuta dago eta ez da jasangarria”.
Gainera, 2023an, mugikortasunarekin lotuta Larrialdi Klimatikoaren Dekretua indarrean jarriko dela gogorarazi du: “Ibilgailuek ezingo dute erdigunera joan ECO etiketa eramaten ez badute. Horrek milaka gidariri eragingo dio, eta hiriaren sarrera eta irteeretan aparkaleku berriak beharko dira, eta ez dago horretarako planik”.
Zentzu horretan, “hausnarketa sakona” eskatu du PPko zinegotziak, etorkizuneko hiri ereduaren gainean.