Bidasoa bigarren tokian finkatu da
Sailkapenean 45 punturekin dago, eta historiako bigarren markarik onena berdindu du.

Bi puntu oso garrantzitsu lortu ditu asteburuan Bidasoak Benidormen kontra. Horiei esker, ligako bigarren postuan finkatzea lortu du 45 punturekin, eta hirugarren den Huescari 5 puntuko aldea ateratzen dio. Beraz, geroz eta gertuago du Asobal ligako txapeldunorde izateko helburua. Bartzelonak 29. jardunaldi honetan txapelketa irabaztea lortu du, 58 puntu erdietsita.
Larunbatean jokatu zuen Benidormen kantxan Bidasoak. Partidaren amaierarako 10 minuturen faltan, sei puntuko errenta ateratzen zioten irundarrek Alacanteko taldeari (21-27), baina etxeko taldeak ez zuen amore eman, eta aldea laburtzea lortu zuten: 24-28. Azkenean, ordea, Caveroren bi golei esker, Jacobo Cuetararen mutilentzat izan zen garaipena.
Historiako zenbakirik onenetan dago Bidasoa. Izan ere, liga amaitzeko bost jardunaldiren faltan, 45 puntu eskuratu ditu, duela bi denboraldi lortutako marka berdinduz. Orduan, Asobal ligako txapeldunorde geratu zen. Markarik onena 1995ean ezarrita dauka Bidasoak, 52 puntu erdietsita ligako txapeldun izan zenean.
Beste marka bat berdintzea ere lortu dute irundarrek: etxean, zortzi garaipen jarraian lortzea. Azkenekoz, 94/95 denboraldian egin zuten balentria hori: lehen itzulian zortzi aldiz jarraian irabazita, eta, bigarrenean, bederatzi aldiz.