Agustin Ugarte irundarrari aitortza egingo dio aldundiak
Gipuzkoako Foru Aldundiak Agustin Ugarte Saria sortu du nazioarteko lankidetzan lanean ari diren pertsona eta elkarteen lana aitortzeko.
Agustin Ugarte irundarrak bizitza osoa eman du besteei begira lan egiten. Ricardo Alberdi apaizaren eskutik, lankidetzaren munduan sartu zen, eta urte luzez aritu da arlo horretan lanean. Orain, Gipuzkoako Foru Aldundiak aitortza egingo dio irundarrari, Agustin Ugarte Saria sortuz.
Aitortza hori datorren ostiralean, hilak 30, izango da Ficoban, 18:00etatik aurrera.
Harkaitz Millan Kultura eta Lankidetza diputatuak azaldu duenez, Ugarte aitzindaria da nazioarteko lankidetzan, eta belaunaldi oso bat ordezkatzen du: “Espainiako Gerra Zibila amaitu eta gerraostean egoera zailean zeudenean, besteen aldeko, justizia sozialaren aldeko eta elkarkidetzaren aldeko lana egin zuten”.
Millanek egungo garaietan beharrezkotzat jo du halako sari bat sortzea, “gorroto eta bazterketaren diskurtsoak aurrera egiten duen honetan, politikatik horrelako adibideak mahai gainean jarri behar dira”, adierazi du. Elkarbizitza, justizia soziala eta pertsonei euren jatorri edo sinismenetatik harago ikusteko beharra balioan jarri behar dela iritzi dio.
Izurriteak ere justizia sozialaren beharra agerian utzi duela gogorarazi du, “pandemiak pobreziaren aurpegia” duela kontuan hartuta.
Herriko sindikalgintzatik nazioartera lankidetzara
Ugarte 1932an jaio zen Behobian. Bidasoaren beste aldean bizi ziren gurasoak, eta 36ko gerraren tragediak bizitza osoa markatu zion eta sufritzen ari zirenei laguntza emateko beharra izan zuen beti. Gerraren ondoren, Santiago auzoan jarri zen bizitzen Ugarte familia. 13 urterekin lanean hasi zen lanean aroztegi batean, eta, geroago, Escalante fabrikan, lanpara muntatzaile gisa. Bizitza osoan aritu zen han lanean.
Elkartasun sentimendu hori gaztetatik loratu zitzaion, eta Gazte Langile Katolikoaren mugimenduari lotuta, gehien sufritzen ari zirenei laguntzen hasi zen, hala nola, tuberkulosia zutenei.
Horrez gain, langileen eskubideen defendatzaile handia izan zen, eta diktadurapean, besteak beste, lan baldintzak hobetzeko lan egin zuen, legearen barruan. Demokrazia aroan, bitarteko sindikala izan zen, eta, emakume eta gizonen soldatak parekatzea lortu zuen.
Udal bizitzan ere parte hartzen hasi zen, auzo mugimenduaren bitartez: Santiago Auzo Elkarteko presidente izan zen.
60 eta 70eko hamarkadetan, elizbarrutiko idazkaritza sozialaren eta Caritasen bidez (lurraldeko koordinatzaile izan zen) erbesteratuei laguntzen aritu zen, babes-gutunak idazten. Langabeziaren ondorioak pairatzen ari ziren familiei ere laguntza eman zien.
Ondoren, nazioartera salto egin zuen, eta Hirugarrem Munduko Lagunak elkartea sortu zuen. Maila pertsonalean finantzatu zuen eta Kabugan (Ruanda) egin ziren lehen proiektuak bultzatu ziren. 1989an Behar Bidasoa sortu zuen, handik aurrera, bere bizitza eta lana izan zena. Hainbat proiektu garatu dituzte Kongoko Errepublika Demokratikoan, Nigerian, Ruandan, Tanzanian, Brasilen, Kolonbian, Kuban, Paraguain, Ekuadorren eta Filipinetan.