Recondoko lursaila erosteko proposatu du Ekologistak Martxan-ek
Irungo Udalaren asmo "espekulatzaileak" direla eta, Jaurlaritzari eta legebiltzarreko taldeei eskatu die eremu hori erosteko tramitazioa martxan jartzeko.
Irungo Udala Recondoko lursailean hirigintza-espekulazio bat egitekoa dela salatu du Ekologistak Martxan-Bidasoaldeko Lagunak-ek. Elkartearen iritziz, ordea, udalak ez du hiri parke handirik sortuko industria birmoldaketarako eremuan, eta hori etete aldera, Eusko Jaurlaritzari eta Eusko Legebiltzarrean dauden alderdi politikoei lursail hori erosteko eskatu die Osinbiribil eremuan egin zen bezala: “Prezioa 5 eta 6 milio euro artekoa izango dela kalkulatu dugu”.
Erosketa egiteko aurrekontua, gainera, Europako funtsei egindako eskaeretan sar daitekela gaineratu du.
Ekologistak Martxan-en arabera, duela urtebete eremu hori erosteko proposatu zion udalari, udal taldeei eta auzo elkarteei, Natura 2000 Sarearen barruan dagoela eta ingurumen interes berezia duela kontuan hartuta; “gainera, Iparraldeko Konfederazio hidrografikoak babestutako gunea da, uholde arriskua duen eremu gisa”.
Udalaren asmoak, ordea, espelulatzaileak direla adierazi du, “Elgorriaga, Porcelanas, Palmera Monetero eta beste auzo batzuetan gertatu bezala”.