Kaleetan eutsiko diote euren borrokari kale garbitzaileek
Irungo eta Hondarribiko kale garbitzaileak euren lan baldintzak hobetzeko mobilizatzen hasi dira. Partzialtasuna, kategoriak eta oporrak izan dira arazoaren iturri.
Oporrak izan dira egoerak gainezka egiteko falta zen tanta, eta Irun eta Hondarribiko kale garbitzaileak mobilizatzen hasi dira. Hilaren 15ean atera ziren kalera lehen aldiz, ELA, LAB eta UGT sindikatuek deituta. San Juan plazan elkarretaratzea egin zuten, Kontziliazio erreala orain eta Barne promozioa orain bezalako aldarrikapenak eginez. Mezua FCCri igorri diote, enpresa horretako langileak diren neurrian.
Kaletik bulegora pasatu ziren, ordea, asteartean. Orduan, sindikatuetako ordezkariak Txingudiko Zerbitzuak (Txinzer) mankomunitatearekin elkartu ziren; hala nola, Hondarribiko eta Irungo alkateekin. Txinzerrek azpikontratatua du Hondarribia eta Irungo kale garbiketa FCCrekin. Bilkuran parte hartu zuen Luis Mari Vazquez ELAko ordezkari eta enpresa batzordeko presidenteak. “Bilera informatiboa izan zen. Interesa agertu zuten, eta harrituta geratu ziren gauza batzuekin”.
Hiru arazo nagusi izan dira langileak mobilizatzera bultzatu dituztenak. Batetik, partzialtasuna. Vazquezen arabera, garai batean sei eguneko lanastea izaten zuten, baina 2008an FCCrekin lan hitzarmena sinatu zutenean, bi lantalde eratzea hitzartu zuten: bata, astelehenetik ostiralera lanaldiaren %100rekin, eta larunbat, igande eta jaiegunak lanaldi partzialekoekin. “Helburua zen, plazak agertu ahala, horiek lanaldi osora igarotzea”, azaldu du Vazquezek.
Langileen %20 partzialak
Egun, 161 kale garbitzaile daude, eta horietatik, %20 inguru daude lanaldi partzialekin, LABeko ordezkari Gotzon Intxaurrandietaren esanetan. Hain zuzen, hitzarmen hori egin du egungo egoeraren erantzule, eta erreleboekin jarraituz gero, berdintasuna hobeto bermatuko litzatekeela iritzi dio.
Vazquezek, ordea, “enpresaren galbideratzeari” leporatu dio. “18.2 artikuluan plaza bat betetzeko irizpideak biltzen dira. Antzinatasunak, emakume izateak edo kamioia gidatzeko karneta izateak, esaterako, puntuak ematen ditu”. Hiru urtean lau plaza bakarrik irten direla salatu du, «baina askoz gehiago daude». Enpresak, ordea, akordioa behin eta berriro urratzen duela gaitzetsi du. “Adibidez, larunbatetarako bakarrik kontratatzen du jendea, baina kontratua %100ean eraldatzeko aukera gaineratzen dio. Beraiei gustatzen ez zaien zerbait egiten badute, berriro hasierako kontratura bueltatzen dira”. Langileak, horrela, “isilik” geratzen direla gaineratu du Intxaurrandietak, zigorren beldurrez, “ordu estrak sartzen dituzte trukean kobratu edo atseden egunik gabe”.
Hurrengo puntua kategoriena da. Lau dituzte: gidariak, peoi makinistak, peoi gidariak eta peoiak. 161 langileetatik 51 daukaten kategoria baino maila handiagoko lanak egiten ari dira. Horren trukean plus bat jasotzen dute, baina LABeko ordezkariak salatu duenez, “oporrak edo kotizatu peoi gisa egiten segitzen dute”.
Oporrei dagokienez, iaz, enpresak bi bloketan egiteko eskatu zien langileei. Langileek, hasiera batean, begi onez ikusi zuten, baina, aurten, blokeen datak ere enpresak aukeratu ditu, eta hori “onartezina” izan da.
Enpresa batzordeak FCCri bilera egiteko eskatu zion duela bi aste, baina haren erantzuna “ezezkoa” izan zela kritikatu dute sindikatuek. Egoera horren aurrean mobilizatzen jarraituko dute, eta datozen egunetan egutegia prestatzen hasiko dira.