Gizonentzako sukaldaritza tailerra antolatu du udalak
Ardurak banatzeko helburuarekin antolatu ditu tailerrok Berdintasun sailak. Helduek haurrekin joateko aukera izango dute.

Irungo Udaleko Berdintasun Sailak sukaldaritza tailerra antolatu du gizonei zuzenduta. Tailerra maiatzaren 14 eta 21ean izango da, eta egun bakoitzean janari bat prestatuko dute; tabulea, batean, eta azenario tarta, bestean.
Izena apirilaren 28tik maiatzaren 12ra arte eman ahal izango da, irun.org helbidean, eta bi egunetako bat aukeratu beharko da. Saioak arratsaldez izango dira, 17:30etik 19:00etara, Oiasso museoko tabernan.
Miren Etxebeste Berdintasun ordezkariaren arabera, tailerren helburua etxeko ardurak banatzea da, “sukaldeko lanak, emakumezkoen esku utzi izan baitira betidanik”, gaineratu du. Tailerretara seme-alabekin joan ahal izango dute; gehienez, bi haur eta 5 eta 12 urte artekoak.
Tailerrean hamar lagunentzako tokia izango da, interesdunek izena ematen duten ordenari jarraituz esleituko dira. Lehentasuna, Irunen erroldatutako gizonek izango dute.