Irun Aurrera plana berrituko dute, 4,2 milioi euroko aurrekontuarekin
Planaren espiritua COVID-19ak eragindako kalteak arintzea da. Pizgarri ekonomikoak, pizgarri fiskalak, pizgarri sozialak eta barne merkataritza sustatzeko pizgarriak biltzen ditu.
COVID-19ak gogotik astintzen jarraitzen du osasuna, gizartea eta ekonomia, eta, testuinguru horretan, udalak Irun Aurrera plana berritzea erabaki du. Aurten, 4,2 milioi euroko aurrekontua izango du, eta, kontuan hartu da diru sarreren murrizketa ere, 650.000 euroko, hain zuzen. Plan horretan, hiriko ekonomia eta gizartea suspertzeko neurri ekonomiko eta fiskalak biltzen dira, baita kontsumoa sustatzeko neurriak ere.
Gaur aurkeztu dute plana Jose Antonio Santano alkateak eta udal taldeetako bozeramaileek: Miguel Angel Paez (PSE-EE), David Nuño (Elkarrekin Podemos-Ezker Anitza), Jokin Melida (EH Bildu) eta Iñigo Manrique (PP).
Santanoren arabera, azken hilabeteetan askotariko taldeekin hitz egiteko aukera izan dute, eta horrek aukera eman die euren beharrei erantzungo dien plana prestatzeko. Irungo Udalak egin duen inkesta ere baliagarria izan zaiela gaineratu du herritarrei osasun krisiari erantzuteko neurriengatik galdetu zaien neurrian. Hamar herritarretatik seik iritzi ona edo oso ona izan dutela zehaztu du. “2020an bezala, dokumentua ez dago osatuta, eta aberasten eta egoeraren bilakaerara egokitzen joango da”, azaldu du alkateak.
Lau blokeko plana
Plana biltzen den lau blokeen artean, pizgarri ekonomikoak daude autonomo, mikroenpresa eta irabazi asmorik gabeko elkarteentzat. 10.000 euro artekoak izango dira lau urteko epean, eta interesak udalak finantzatuko ditu. Bestalde, kultura sektoreari laguntza emango zaio Kultura 0km programarekin, eta Energia Iraunkorrerako Ekintza Planaren barruan diru laguntzak eta ibilierraztasuna sustatzeko diru laguntzak ere aurreikusi ditu.
Pizgarri fiskalei dagokionez, kirol taldeek instalazioak erabiltzeko tarifan %100eko hobaria izatea biltzen da planean. Udalaren kutxan 130.000 euro gutxiago sartuko dira neurri horrekin. Terrazetan %95eko hobaria izango dute ostalariek, baita Urdanibiako azokako postuek ere. Modu horretan, beste 200.000 euro gutxiago jasoko ditu udalak.
Itxiera perimetralek kaltetutako jarduera ekonomikoek, bestalde, %100 euroko hobaria izango dute ur eta zabor tasetan. Gainera, luzaroan itxita egon diren jarduerek ez dute ordaindu beharko itxita egon diren hilabeteetako tasa, 2021eko urtarriletik. Familia zaurgarriek, bestalde, %50eko hobaria izango dute ordaindu beharreko tasan. Kasu horretan, 330.000 gutxiago sartuko dira udalaren kutxara.
Pertsonentzako laguntza ekonomikoek iazko hazkundeari eutsiko diote, eta horrez gain, zabaldu egin da diruz lagundu daitezkeen gastuak (maskarak, online eskoletarako ekipamendu informatikoa…). Aurten, 20.000 euro gehiago bideratuko dira. Zubia, berriz, zabalik egongo da eguneko 24 orduetan, eta gaueko harrera zerbitzua indartuko da, 200.000 euro gehiagorekin.
Kontsumoa pizteko, berriz, Irungo saltoki eta ostatuetan kontsumitzeko bonuak jarriko dituzte martxan uztailean. Gainera, udalak jakinarazi duenez, saltokiek online saltzeko plataforma baten diseinua eta ezarpena kontratatzeko lanean ari da. Digitalizazioaren ildoari jarraituz, TicketBAI proiektua martxan jartzeko laguntza gehiago emateko lerro bat jarriko dute. Saltoki berriak irekitzeko diru gehiago bideratuko da (95.000 euro) K-Biziak programaren bidez.
Azkenik, prestakuntza sustatzeko xedearekin, offline eta online prestakuntza jarduerak antolatuko dituzte merkatari eta ostalarientzat. Arreta soziosanitarioaren profesionalizazioa ziurtatzeko ere jarduerak prestatuko dituzte.