Bizikletaren erabilera sustatzeko hainbat proposamen egingo ditu Balaztak
Irungo Mugikortasun Mahaiaren bilerari begira, Balazta elkarteak hiria "lasai, seguru, eroso eta azkar" zeharkatzeko hainbat ideia ditu.
Datorren astean da biltzekoa Irungo Mugikortasun Mahaia, eta Balaztak bere proposamena luzatuko die, oinezko eta bizikleten mugikortasuna lehenetsi, erraztu eta sustatze aldera. Neurri horiek, batik bat, Irun mendebaldetik ekialdera bizikletaz “lasai, seguru, eroso eta azkar” gurutzatzera bideratuta daudela azaldu du Balaztak.
Bost proposamen nagusi egingo ditu, zentzu horretan. Nafarroa etorbidean, goranzko zentzuan, bidegorria egitea da elkartearen asmoa, eta, horretarako, egun dauden 35 aparkalekuak kendu beharko lirateke. Beheranzko norabidean dagoen erraila berdin mantendu daitekeela dio, “txirrindulariak ez direlako autoak baino askoz polikiago joaten”. Egun, zati horretan norabidea 30 km/h-ra mugatuta dago, txirrindulari eta autoek erabil dezaten.
Colon pasealekuari begira, bi aukera jarri ditu mahai gainean. A proposamenean, Gipuzkoa eta Iparraldea etorbideen arteko zatian errailak hiru izatetik bi izatera pasatzea; espaloiak eta errepidea altuera berean jartzea; eta abiadura 10-20 m/h mugan ezartzea planteatu du. B proposamenak, berriz, egungo hiru errailetatik bat kendu, eta irabazitako espazioan bi errailen alboan bidegorri bana jartzea biltzen du.
Anakako CAFeko maldan ere ikusten ditu arazoak Balaztak, eta hiriko “puntu ilunetako bat” dela iritzi dio. Puntu horretan bi errailetatik bat kentzea proposatu du, beherantz doana, hain zuzen, eta, haren tokian, goruntz joango den bidegorria jartzea. Autoek gorantz joatekotan Letxunborro etorbidera joan beharko luketela zehaztu du.
Gipuzkoa etorbidearentzat Nafarroa etorbiderako pentsatutako irtenbide bera pentsatu du: egun zati horretan abiadura 30 km/h-ra mugatua dagoela kontuan hartuta, aparkalekuak kendu eta aldapan gora joateko bidegorri bat eraikitzea, beste norabideko erraila bizikleta eta autoentzako mantenduz.
Azkenik, Plaiaunditik Hondarribiko Mendelu auzora joango den bidegorri berriaren testuinguruan, Plaiaundi eta Irungo erdigunea lotzea beharrezkotzat jo du Balaztak. Zentzu horretan, bi proposamen egin ditu: batetik, Colon pasealekua eta Plaiaundi lotuko dituen bidegorria, eta, bestetik, Plaiaundi eta Zubimuxuko biribilgunea elkartuko dituena.
Aparkaleku estaliak
Irundar askok bizikleta gordetzeko espaziorik ez dutela kontuan hartuta, bizikletentzako aparkaleku estaliak eraiki behar direla iritzi dio elkarteak. Horiek toki estrategikoetan jar daitezkeela esan du, geltokietan, udal zerbitzuetan eta industria guneetan, kasu. Bukatzeko, jendea bizikleta hartzera animatzeko sentsibilizazio kanpainak martxan jarri behar direla adierazi du.