Irun eremu gorrira pasatu da
Hemeretzi kasu berri zenbatu dituzte, eta intzidentzia metatua 406ra igo da. Neurri murriztaileak ez dituzte oraindik martxan jarriko, asteartera arte.
Eremu laranjan eusten zion Irunek, baina, gaur, 100.000 biztanleko 400 kasuen langa gainditu du, eta, beraz, eremu gorrira pasatu da hiria. Gaur, hemeretzi COVID-19 kasu berri gehiago zenbatu dituzte, eta 406,92ra igo da azken hamalau egunetako intzidentzia metatuta.
Eusko Jaurlaritzak astelehenean berrikusten du egoera epimidemiologikoa, neurri murriztaileak indarrean sartzeko, beraz, aste honetan irundarrak neurri horietatik salbu geratuko dira. Datorren astelehenean gorrian jarraituz gero, neurriak hurrengo egunean jarriko lirateke indarrean. Horien artean, udalerriaren itxiera perimetrala eta tabernetako barrualdean ordu jakin batzuetan bakarrik kontsumitu ahal izatea: ostalariek gosariak (06:30-09:30) eta bazkariak (13:00-16:30) bakarrik zerbitzatu ahal izango dituzte barrualdean.