Euskarak mugarik ez duela erakutsiko dute Kutxa Biraren etorreran
Irungo Harrera Sareak eta AEK-k emango diote ongietorria Kutxa Birari. Irungo leloa 'Mugak gaindituz euskaren herria, harrera herria' izango da.
Euskal Herritik ematen ari den biran zehar, datorren asteartean, hilak 20, Irunen egingo du geldialdia Iparra Hegoa elkartearen Kutxa Birak; zehazki, 19:00etan izango da, San Juan plazan. Ongietorri beroa emango diote Irungo Harrera Sareak (IHS) eta AEK-k herritarrekin batera.
Pandemiaren eraginez, euskararen aldeko festa guztiak bertan behera utzi izanak eragin du Kutxa Bira egitasmoa martxan jartzea. Joan den martxoaren 20an abiatu zen diasporan, Euskal Herritik 12.000 kilometrotara dagoen Viedmango (Argentina) euskal etxean. Euskal Herritik bira egin ondoren, maiatzaren 30ean bukatu da Urruñan eta Seguran.
Irungo ekitaldiari dagokionez, oraindik gauzak ixteko falta diren arren, Beñat Alzaga Olazabal AEK-ko arduradunak aurrerapen bat egin dio HITZAri. Ekitaldi “xumea” izango dela adierazi du, eta honako lelopean landutakoa: Mugak gaindituz euskaren herria, harrera herria. Lelo horrek bi erakundeen misioari erantzuten diola adierazi du, mugaz gaindi lan egin eta euskarak batzen dituen heinean. Lelo horren funtsari jarraituz sartuko dute kutxan IHS eta AEK-ren amesten duten Euskal Herriaren mezua.
Kutxa Bira etortzearekin batera, ongietorria egingo diote hainbat hizkuntzatan, IHSrengana jo duten hainbat herrialdetako jendearen ama hizkuntzetan. Horrez gain, panel handi bat jartzeko asmoa dute gainontzeko parte hartzaileen ametsak ere aintzat har daitezen. Horregatik, errotugailuak izango dira herritar guztiek horiek denak idatzita utz ditzaten. Agurra ere berezia izango da, eta hura ere bozgorailu baten bidez eskainiko dute hainbat hizkuntzatan.