Enplegu publikoan, greba egunerako prestatzen
Apirilaren 22rako enplegu publikoko langileak grebara deitu dituzte, eta elkarretaratzeak egin dituzte motorrak berotzen hasteko, baita Irunen ere.
Hurrengo ostegunerako, hilak 22, grebara deituta daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoako administrazioetako langileak, eta, atzo, motorrak berotzen hasi ziren egun horri begira. Elkarretaratzeak egin zituzten hainbat herritan, baita, Irunen ere, San Juan plazan.
Behin-behinekotasunarekin amaitu, eta enplegua sortu eta egonkortzea da eskaera nagusia; izan ere, langile publikoen %40k ez dute kontratu finkorik. Horretarako, negoziazio kolektiboa indartu behar dela nabarmendu dute grebara deitu duten sindikatuek erakunde guztietan, Jaurlaritzatik hasi eta udaletaraino.
Greba deialdia ELA, LAB, CCOO, SATSE, STEILAS eta ESK sindikatuek egin dute.