'Non dago Mikel?' estreinatuko dute Irunen
'Zabalza auzia' lantzen duen ikus-entzunezkoa ostiralean eskainiko dute Amaia KZn, 19:00etatik aurrera. Sarrerak gonbidapenarekin izango dira.
Ostiral honetan, hilak 16, Non dago Mikel? dokumentala ikusteko aukera izango da Amaia KZn, 19:00etatik aurrera. Miguel Angel Llamas eta Amaia Merinoren lan honetan, Zabalza auzia deitutakoaren nondik norakoak biltzen dira. Atxiloketak, atxilotuek salatutako Guardia Zibilaren tortura basatiak eta Zabalzaren desagerpena. Agintariek Zabalza agertuko zela esaten zuten bitartean, euskal gizarteak azalpenak eskatzen zituen behin eta berriro. Atxilotu eta handik 20 egunera agertu zen Zabalzaren gorpua Bidasoa ibaian.
Dokumentala ikusteko sarrera dohainik da, baina gonbidapena beharko da.