Zuhaitzak bere tokian nahi ditu Artiako Lagunak elkarteak
Irungo Udala aparkaleku bat egiten ari da Zaisa eremuan, eta proiektuan aurreikusten denez, han dauden lau lizarrak ebakiko ditu.
Lau zuhaitz baino gehiago dira. Irudikatzen dutenari, sinbolizatzen dutenari ematen diote garrantzia, hain zuzen, Artiaren Lagunak auzo elkartean. Irungo Udala Zaisa eremuan aparkaleku berri bat egiten ari da, eta, hori gauzatzeko duela 30 urte baino gehiago toki horretantxe erroak bota zituzten lau lizarrak ebaki behar ditu. Auzo elkarteak erabaki hori gaitzetsi du, eta beste aukera batzuk proposatu ditu proiektua garatzeko.
Azken urteetan udalen joera zuhaitz helduak moztu eta berriak jartzea izaten ari da, Alazne Izulain Artiako Lagunak auzo elkartearen bozeramailearen arabera. Zuhaitz horiek, ordea, ikuspegi ekologikotik garrantzitsuak direla iritzi dio: “Itzala ematen dute, kutsadura xurgatzen dute… Horretara heltzeko urteak behar izaten dituzte”. Tokia bera ere “estrategikoa” dela gaineratu du Izulainek: “Institutu baten alboan daude, eta Zaisa eremua erdibitzen duen Gazteluzar pasealekuan”. Gune horretatik egunero milaka kamioi pasatzen direla gogorarazi du, eta AP8aren ondoan dagoela kontuan hartuta, kutsadura pilatzen dela. “Artiako auzoa Zaisako kutsaduratik babestu behar dugu, eta, horretarako, daukagun baliabideetako bat zuhaitzak dira”, aldarrikatu du irundarrak. Daudenak mantendu ez ezik, berriak landatu beharko liratekeela uste du.
Euren desadostasuna sare sozialetan izan ezik, udalari berari ere igorri diote, HAZren bidez, eta, momentuz, lizarren mozketa eteteko eskatu diote. Oraingoz jaso duten erantzuna izan da “udalak ahal bada zuhaiztiaren zati bat mantentzeko ahalegina” egingo duela, Monica Martinez Notario Bide Publikoko ordezkariaren bitartez. Zuhaitzak mantenduz gero, aparkalekuak galduko direla esan die Martinezek, eta horixe dela, hain zuzen, obren “xede nagusia”.
Auzo elkartea, ordea, aparkatzea eta zuhaitzak mantentzea bateragarriak direlakoan dago, eta, hori aurrera ateratzeko proposamen bat luzatu dio udalari. Zuhaitzen sustraiak zuloen bidezko aireztapenarekin estal daitezkeela azaldu du, eta autoak aparkatzea ahalbidetuko lukeen metalezko txorko korritu bat jarri”. Zuhaitz bakoitzak, gainera, plaza bat eta bestearen arteko tokia mugatuko lukeela gaineratu dute.
Proposamen hori aurrera ateratzea borondate kontua dela iritzi dio auzo elkarteak, eta “hitzetatik ekintzetara” pasatzeko garaia dela. “Askotan erabiltzen ditu udalak Irun berdea, atsegina, jasangarria… bezalako hitzak, baina, gure kasuan, auzorako iragarritako bi proiektuak aparkalekuak dira”.
Ekintzak
Udalari eskaera formala egiteaz gain, Artiako Lagunak auzo elkarteak hainbat protesta ekintza egin ditu Aste Santuan. Hala, Irungo hainbat eskulturatan (Etxekoandre, Kantinera, Luis Mariano, kasu) pankartak jarri dituzte, Santano, aire garbia nahi dugu, Zuhaitzik gabe oxigenorik ez, Ez lizarrik moztu eta Zuhaitz gehiago, auto gutxiago bezalako leloekin. Datozen egunetan ere beste protesta ekintza batzuk egitekotan da auzo elkartea, baina ez du aurreratu noiz eta zer egingo duen