Trafikoa moztuta egongo da Itzuliarengatik
Itzulia birritan igaroko da, gaur, Irundik, eta trafikoari eragiten dioten neurriak martxan izango dira 16:00etatik 18:00etara arte.
Itzuliko laugarren etapa Gasteiz eta Hondarribia artean jokatuko dute gaur. Irundik ere pasatuko dira txirrindulariak, birritan, gainera, eta horrek hainbat aldaketa eragingo ditu trafikoan. Irungo Udalak kalkulatu duenez, 16:00etatik 18:00etara egongo dira indarrean aldaketa horiek.
Lehen igaroaldiari dagokionez, 16:00etatik 17:00etara arte egongo dira moztuta bi puntu. Batetik, bariantea, bi norabideetan, Azken Portu eta Zubimuxu arte tartean dauden sarbide guztiei eraginez. Bestetik, berriz, Artiga ibilbidea, Osinbiribileko biribilgunea eta GI-636a (Juan Thalamas Labandibar) Ola sagardotegira arte.
Horrez gain, tarteka, zenbait kaletan ere moztuko dute trafikoa: Letxunborro, Hondarribia, Pinudi, Lope Irigoien, Artiga, Cesar Figuerido, Berrueta margolaria eta Blaia.
54.industriagunera sartzeko Behobiatik joan beharko da.
Bigarren igaroaldian, berriz, neurriak 16:45etik 18:00etara egongo dira indarrean. Zenbait errepide moztuta egongo dira: bariantea bi norabideetan, eta sarbide guztiei eragingo die Zubimuxutik Urdanibia hotelera arteko tartean. Donostia bidean doan trafikoa Letxunborro hiribidetik desbideratuko dute.
Horrez gain, trafikoa zenbait momentutan moztuta egongo da Ondarribia, Ospitale, Letxunborro eta Elizatxo kaleetan.
Udaltzaingoak aholkatu du ahal den neurrian ez ibiltzeko kotxez Irun erdigunetik, eta era berean, AP8 autobidea hartzeko. Behobiatik edo Oinaurretik sartu ahal izango da errepide horretara.
Irunbus
Irunbuseko autobusen joan-etorriei ere eragingo die Itzuliak. Lehen aldiz, 16:15etan espero dute lasterketa pasatzea, eta L1 eta L3 lineen jarduna egongo da baldintzatuta. Bigarren aldiz, berriz, 16:45 aldera igaroko da, eta L1, L2 eta L3 lineei eragingo die.