II. Errepublikaren 90.urteurrena ospatuko dute Irunen
Nicolas Gerendiain elkarteak hainbat ekintza antolatu ditu datozen egunetarako, eta, hilaren 17an, II. Errepublikaren alde borrokatu zuten pertsonak omenduko dituzte Etorbidearen zubian.
1931aren apirilaren 14ean aldarrikatu zuten Espainiako II. Errepublika, eta, aurten, 90.urteurrena beteko dela kontuan hartuta, Nicolas Gerendiain elkarte errepublikanoak hainbat ekitaldi antolatu ditu datozen egunetarako. Ekitaldi nabarmenena hilaren 17an larunbatez egingo dute, II. Errepublikaren aldeko borrokalariak omenduko baitituzte Etorbidearen zubian, 11:00etatik aurrera. Ekitaldi hori Ipar Euskal Herriko elkarte memorialistek antolatu dute, eta Nicolas Gerendian elkarteko kideek ere parte hartuko dute.
Urteurrenaren bezperan, hilaren 13a, bandera errepublikanoa igoko dute San Juan plazan, 19:00etan, eta hilaren 14ean, berriz, karabana errepublikanoa abiatuko da, 18:30ean, Stadium Galetik, eta hiriko auzoetatik pasatuko da. Egunotan hiru koloreko bandera balkoetan jartzera animatu dituzte irundarrak.
Irungo udaletxean hiru koloreko bandera jartzeko eskaera ere sartu du elkarte errepublikanoak. Urte hauetan guztietan udalak atzera bota duela gaitzetsi arren, elkarteak, Memoria Historiokoaren Legea aintzat hartuz, gogorarazi du instituzioen betebeharra dela “egia, justizia eta erreparazioa” aldarrikatzea, eta halako data bat gogoratzea beharrezkotzat jo du bide horretan. Gainera, 2018ko martxoaren 23an Irungo Udalbatzak apirilaren 14ez aitorpen publikoak egitea onartu zuela argudiatuz, bandera 24 orduz jartzeko eskatu dio udalari.