4,6 milioi euro bideratuko dira lanetara
Cristina Laborda delegatuak jarduera mantenduko dela nabarmendu du, eta aurrekontuaren zati handi bat auzoetara bideratuko dela adierazi du.
Obretako inbertsioak mantenduko ditu Irunek 2021ean, 4.671.521 euroko aurrekontuarekin. Cristina Laborda Obren delegatuak jarduera mantentzeari eman dio garrantzia, hain zuzen, eta, zentzu horretan, ekipamenduak berritu, espazio berriak sortu eta auzoekiko konpromisoa gauzatu nahi dutela berretsi du, “baita bide publikoaren mantenua ere, irisgarritasuna eta mugikortasuna indartuz”.
Aurrekontuaren zati handienetako bat auzoetara bideratuko dute, 1,7 milioi euroko inbertsioekin. Besteak beste, argiteria hobetzeko asmoa dute, hiri guztian LED sistema ezarriz, baita espaloiak hobetu eta hesi arkitektonikoak irauli ere. Hirigintza arloan, Uztapide Bertsolaria, Gabarrari plaza eta Santa Elena kaleak ere berrurbanizatuko dituzte.
Ekipamenduei dagokioenez, inbertsioetan jasota dago, hala nola, CBAren bigarren fasea garatzea. Egun, egitasmoa erredaktatzen ari dira, baina aurten 100.000 euro eta datozen bi urteetan 3,5 milioi euro bideratzea aurreikusita dauka udalak. Kirol arloan, berriz, Gal estadiori erantsita dagoen belarra ordezkatzeko 450.000 euroko aurrekontua izango dute.
Horrez gain, San Migeleko Emigrazioaren eraikina ere gaitzeko 50.000 euro bideratuko dituzte aurten, eta beste 1,3 milioi datorren urtean.
Azkenik, egunerokotasunean hirian izaten diren beste behar batzuei erantzuteko proiektu txikiagoak ere balion jarri nahi izan ditu Labordak, adinekoen zentroetako, eskoletako edo landa bideetako erreformak, esate baterako.