Inoiz baino jende gehiago pasatu da Lapurriturritik
214 lagun pasatu dira Aiako Harriko informazio puntutik, 2019ko marka hautsiz. Hiru bisitarietatik bat irundarrak izan dira.

Mendizale askoren plana izan da Aste Santuan Aiako Harrietara joatea, eta, hori, agerikoa izan da Lapuriturrin ere, inoiz baino bisitari gehiago izan baititu. 214 lagun pasatu dira informazio puntutik, 2019ko marka hautsiz. Orduan, 192 izan ziren handik igarotakoak. Kontsultak ere inoiz baino gehiago izan dira, 95, eta horietatik 37 irundarrek egindakoak izan dira. Gainontzeko mendizaleak Gipuzkoako beste txokoetatik eta Bilbo eta Gasteiztik etorri dira.
Bertako turismoan jarri du arreta udalak, hiru bisitarietatik bat irundarrak izan direlako: “Gure inguru naturalak herritarrengan pizten duen interesa erakusten dute datuek”.
Lapuriturriko informazio puntua hilaren 1etik 5era egon da zabalik 10:00etatik 14:00etara, eta, orain, denboraldi batez itxita egongo da ekainaren 5era arte. Udako denboraldia orduan hasiko da urriaren 12ra arte.
Eskuorri berriak
Aste Santua dela eta, udalak Irun berdea eskuorri berria argitaratu du. Bertan, Bidasoan egin daitezkeen hainbat ibilbide proposatzen ditu. Hala nola, Aiako Harria, San Martzial mendia eta ermita eta Plaiaundiko padura.