Ur eta zabor tasen salbuespenak zabaltzeko eskatu du Bidasoko EH Bilduk
Txinzer-ek hartutako azken erabakia positiboki baloratu arren, «motza geratzen dela» uste dute. Horregatik, kaltetutako sektoreen aldeko plan estrategiko eraginkorrak martxan jartzea eskatu diete Irun eta Hondarribiko Udalei.
Txingudiko Zerbitzuak mankomunitateak aho batez onartu berri du ixtera behartuak izan diren establezimendu eta zerbitzuak ur eta zabor tasa ordaintzetik salbuetsiak izatea itxierak irauten duen bitartean. Neurri honek bereziki gaueko aisialdiko establezimenduei, entsegu aretoei eta elkarte gastronomikoei eragingo die, eta horrekin kezkati agertu da Bidasoko EH Bildu.
Erabaki honekin bat egin dute Irun zein Hondarribiko EH Bildu taldeek (alde bozkatu zuten mankomunitateko batzarrean), baina «motz geratzen dela» uste dute, hedabideei bidalitako ohar batean azaldu berri dutenez.
Ur eta zabor tasen salbuespena hirugarren mailako establezimenduei, hau da, ordutegirik zabalena duten tabernei ere zabaltzeko eskatu dute. Honekin batera, gainerako taberna, jatetxe eta kafetegiek ere ordutegi murriztua dutenez, egoera ezberdinei egokitutako tasen salbuespen plana egin dezala eskatu diote Txinzer-i.
«Izan ere, ezaguna da ordutegia murrizteak eragin nabarmena izan duela ostalarien egunerokoan. Proposatzen ditugun salbuespenekin bizi duten egoera zailean laguntza txiki bat eman nahi dugu», esan dute Bidasoko EH Bilduko kideek.
Taldea hilabeteak autonomoen, dendarien, kulturgileen, taxilarien, ostalarien eta abarren egoera zailaz ohartarazten daramatzala nabarmendu dute. «Instituzioek beharrezkoak diren neurri lagungarriez harago sektore kaltetuen aldeko plan estrategikoak egin behar dituzte. Eta hori da, hain zuzen ere, Irungo eta Hondarribiko udalei eskatzen dieguna: sektoreekin elkarlanean, dituztenen eskumenak muturrera eramanez eta gainerako instituzioen aurrean beharrezkoak diren kudeaketak eginez, kaltetutako sektoreen aldeko plan estrategiko eraginkorrak martxan jar ditzatela», erantsi dute.