Lannahi programa %45 hazi da aurten
Igoerarik handienak B2 eta C1 mailako ikastaroetan izan dira. Martxoan 115 lagunek eman dute izena.
Irungo Udal Euskaltegiak aurtengo Lannahi programaren gaineko balorazioa egin berri du. Atzo Miren Etxebeste ordezkariak eta Miren Tolosa euskaltegiko zuzendariak emandako datuei erreparatuta, ehun lagunek baino gehiagok eman dute izena martxo honetan, hau da, iazko irailarekin alderatuta %45eko igoera izan du programak.
«Gure hirian urteak daramatzagu programa hau eskaintzen euskara hutsetik abiatuta ikasten hasi edo beren maila hobetu nahi dutenei, eta oso pozik gaude ekimenaren garapenarekin. Kasu honetan, gainera, lanik gabe daudenei zuzendutako eskola batzuez ari gara. Aukera ederra da tituluren bat eskuratzeko, eta hori beti da lagungarria lan merkatuan aukera gehiago izateko», esan zuen atzo Etxebestek.
Igoerarik handienak B2 eta C1 mailako ikastaroetan izan dira. Zehazki, 2020ko irailean 79 lagunek eman zuten izena Lannahi-en, abenduan 92k, eta oraingo honetan berriz, 115ek.
Honi lotuta, udalak aurreratu du aurki beste bi irakaslea kontratatuko dituela, programaren hurrengo txandetarako (datorren matrikulazio aldia maiatzaren 31n hasiko da).