Arartekora jo du Abotsanitzek, «Hondarribiko Udalean ematen den gardentasun eza» salatzeko
Igor Enparan eta Aitzol Arroyo Donostiako egoitzan izan dira gaur goizean. Hondarribiko Udalean «lan egiteko zailtasun asko» daudela jakinarazi diote Arartekoari.
Abotsanitz Udal Taldeak Arartekora jo berri du. Taldeko bi kide (Igor Enparan eta Aitzol Arroyo zinegotziak) Donostiako egoitzara gerturatu dira gaur goizean, «Hondarribiko Udalean ematen den gardentasun eza» salatzeko. Ordu erdi luzez aritu dira erakundeko teknikariarekin hizketan.
Hondarribiko Udalean «lan egiteko zailtasun asko» daudela jakinarazi diote Arartekoari. Esaterako, 2019ko urrian eta 2020ko urrian taldeko zinegotziei informazio eskubidea urratu zitzaiela udalbatzak onartu izan duela nabarmendu dute, oposizioko talde nagusiak aurkeztutako mozioen harira.
Udal gobernuak ere zinegotziek dituzten trabak onartu izan dituela gaineratu dute, baina ez dutela urratsik eman egoera hori zuzentzeko. Horrez gain, mozioetan onartutako puntuetatik bakar bat ere ez dutela errespetatu erantsi dute. Horietako bi puntu «eguneroko lana ahalbidetuko duen prozedura ezartzea eta udal kideei beharrezko tresnak eta formazioa helaraztea» direla gogoratu dute.
Mozioez harago, gaurko bileran erantzun gabeko eskaerak eta eguneroko udal jarduera burutzeko behar diren tresnak izan dituzte hizpide. Taldekoen arabera, Arartekoak bazuen taldekoen kezken berri, eta haiek ere aitortu dute Hondarribiko Udalarekin harremanetan jartzea kosta egiten zaiela.
Enparanen arabera, «bilera oso aberasgarria» izan da gaurkoa. «Gardentasunaren ikuspegitik lanketa burutu, inguruko herrietako adibideekin konparaketa egin eta jarraibide sorta baten proposamena lantzeko konpromisoa hartu dute Arartekoaren Gipuzkoako egoitzako teknikariek», esan du zinegotziak bileraren ostean.