Irungo gazteek etxebizitzaren gainean duten iritzia jaso du EGIk
Inkesta bat egin dute 18 eta 28 urte bitarteko gazteen artean. Honen arabera, 10 gaztetik 6k nahiago dute etxe txiki bat alokatu, bestelako aukeren aurretik.
Irungo EGI beste inkesta bat lantzen aritu da azkenaldian. Irungo etxebizitzaren egoeraren gainekoa iritzia jasotzen ibili dira hiriko gazteen artean, eta jada emaitza guztiak aurkeztu dituzte. 18 eta 26 urte bitarteko irundarrek erantzun dute inkesta, eta ondorioen arabera, honako hiru puntuetan iritzi oso antzekoa du gehiengoak: ingurumenarekiko errespetua, hirigintza diseinu arduratsuaren beharra eta gazteen beharrak kontuan hartzea.
Inkesta erantzun dutenen %90,5ak Irungo Udalak etxebizitza berrien eraikuntza, eko-arduratsua lehenestearen eta berrikuntza energetikoaren sustatzearen alde edo guztiz alde agertu dira. «Gure lurraldea teknologia berde berrien garapenean punta-puntakoa da, eta beraz, gure hiriko eraikuntza berri orok ahalmen hori aprobetxatu beharko luke», esan dute EGIko kideek. Horri lotuta, inkestatutakoen %88,9ak beharrezkotzat jo du Bidasoko padurak eta mendiak babestea, urbanizatzeko espazio berriak definitzerako garaian.
Bestalde, ia bi herenek uste dute udal zerbitzuak eraikitzea beharrezkoa dela (hirugarren kiroldegia, anbulatorio berria, haurtzaindegia…), baita ere etxebizitza berrien proportzioan egitea, «gure bizilagun berrien beharrak asetzeko». Amaitzeko, inkestatuen %73k Irun lo egiteko hiri bilakatzeko arriskuan dagoela erantzun dute.
«Inkesta hau egin ondoren, uste dugu funtsezkoa dela gazteek eskaintzen duten etxebizitza motari dagokionez dituzten beharrak kontuan hartzea eta independizatu nahi duten gazteei etxebizitza eskuratzeko aukera ematea», diote. Izan ere, ateratako ondorioen arabera, 10 gaztetik ia 6k nahiago lukete alokairuko etxebizitza txiki bat beste aukera batzuen aurretik.
«EGI Irunen lanean jarraitzen dugu Irungo gazteen iritzia agerian uzteko eta prestatzen ari garen hurrengo inkesta gure hiriko segurtasunari buruzkoa izango da», erantsi dute.