Irunen ere euskara eta euskaltegiak bultzatzen jarraitzeko prest
Dozenaka lagun elkartu ziren atzo eguerdian San Juan plazan, 'AEK-k Bultza euskaltegiak! Euskara!' dinamikaren barruan antolatutako ekitaldian.
AEK-k herritarren babesa duela erakutsi zuten atzo herritarrek, Euskal Herri osoan bezalaxe, Irunen ere bai. Dozenaka lagun elkartu ziren San Juan plazan eguerdian, AEK-k Bultza euskaltegiak! Euskara! dinamikaren barruan antolatutako ekitaldian. Denetarako tartea izan zen. Lehenik, bertsolari eta arpa jotzaile batek girotu zuten ekitaldia, eta ondoren Mattinek (trikia) eta Larraitzek (panderoa) Euskal Herrian euskaraz abestiaren bertsioa jo zuten, bertaratutakoekin batera. Ekitaldia biribiltzeko, Cristina Juanizek mural bat margotu zuen zuzenean. Amaitzeko, talde argazkia atera zuten denek.
AEK-k Bultza euskaltegiak! Euskara! dinamikak hiru ardatz edo helburu nagusi ditu: administrazioaren eta eragileen inplikazioa; herrietan ekitaldiak egitea; eta AEKren aldeko babes ekonomikoa eskatzea. Izan ere, aurten Korrika ez egitea oso kaltegarria da AEK euskaltegientzat, eta hori iraultzeko abiatu dute dinamika: «Korrikaren atzerapenak hutsunea sortu du. Kolpe ekonomiko handia ekarri digu, eta euskaltegi sendoak behar ditugu», gogoratu zuten atzokoan.